Astelehenean bost urte bete dira Euskal Herriko pentsionistak astero mobilizatzen hasi zirenetik, eta erreferente bihurtu dira. Urteotan eskuratutako lorpenak azpimarratu ditu mugimenduak, baina baita borrokan jarraitu beharra ere. Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren bigarren zatiaren aurka egingo dute, besteak beste.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua erreferente bilakatu da azken urteetan egindako mobilizazio jendetsuengatik. Astelehenean bete dituzte bost urte euren eskubideak aldarrikatzeko antolatu eta manifestatzen hasi zirenetik, eta berretsi dute horretan segiko dutela: “Pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta guretzako eta hurrengo belaunaldientzako nahikoak izan daitezen, eskubideen alde borrokan”, gogorarazi dute Bilboko elkarretaratzean, Ecuador Etxeak jaso duenez.
Orain arteko lorpenak nabarmendu dituzte, Bilbon ez ezik beste hiriburuetan eta hainbat herritan ere bai: “2013ko PPren erreformaren IRP (0,25) indargabetzea. Pentsio Sistema Publikoa (PSP) guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta gure pentsioak erdira murrizteko nahia eta erabaki berriak hartzeko ahalegina saihestea”. Argi dute aurten izango duten pentsioen %8,5eko igoera haien borrokagatik lortu duela, “%11,7ko galera konponduko ez duen arren”.
Euren eskubideak baino, jendarte osoarenak defendatzen dituztela gogorarazi dute. Harro agertu dira aberastasunaren banaketaren alde borroka egiteaz eta bestelako sindikatu eta eragileekin lan egiteaz: “Banatu nahi gaituenaren aurka: gazteak eta adinekoak, jarduneko langileak, pentsiodunak, gizonak eta emakumeak, eskakizun bera dugu, aberastasunaren bidezko banaketa”.
Gobernuan dagoena dagoela, pentsioak defendatzen jarraituko dutela baieztatu dute. Orain Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren bigarren zatiaren aurka egingo dute. Besteak beste, erretirorako epeak luzatu nahi ditu PSOE eta Podemosen gobernu koalizioak, eta pentsioak kalkulatzeko kotizazio aldia 25 urtetik 30era pasa nahi du.
ELA sindikatuak eskatu du epe hori ez handitzeko, murrizketak eragingo dituelako, “batik bat emakumeengan eta kolektibo prekarizatuenengan”. Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten EAJri, EH Bilduri, Podemosi eta Geroa Bairi eskatu die neurri horri uko egiteko, esanez “Europako Next Generation funtsak jasotzeko xantaia politikoaren ondorio” dela. Pentsioa jasotzen duten pertsonen kopurua gorantz doanez, ELAren esanetan, “onartu behar da aberastasunaren zati handi bat pertsona horiei bideratu beharko dela, bestelako murrizketarik egin gabe”. Egungo pentsioak txikiegiak direla salatu du ELA sindikatuak: batez beste, EAEn 1.356 eurokoa eta Nafarroan 1.256koa. Emakumeena are txikiagoa: EAEn 1.056 eurokoa eta Nafarroan 977 eurokoa.
Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzen du hasieratik, baina jakitun da hori ez dela nahikoa, eta kalkuluak eginda 1.230 euroko gutxienekoa eskatu beharko lukeela ohartarazi du. “Tamalez, 1.080 eurokoa lortuz gero aurrera pauso handitzat jo beharko genuke”, adierazi dute astelehenean, Berriak jaso duenez.
LAB sindikatuak ohar batean “eredugarritzat” jo du pentsiodunen borroka, eta balioan jarri ditu haien lorpenak. Aurrera begira ere haien alboan jarduteko konpromisoa erakutsi du sindikatuak: “Estatu frantses zein espainiarrean pentsio sistema erreformatzeko proposamenak mahai gainean daude, bertan jasotzen diren neurriak langile gehiengoaren interesen aurkakoak dira eta ez dituzte pentsiodunen mugimendutik egindako aldarrikapenak aintzat hartzen”. Horren aurrean, azpimarratu dute pentsio sistema publiko eta propioan urratsak emateko beharra, eta LABen proposamena gogorarazi dute: 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, publikoa eta unibertsala, eta erretiro adina 60 urtera aurreratzea.