argia.eus
INPRIMATU
Pentsioak osatzea “ez da beharrezkoa” Jaurlaritzaren esanetan, eta herri ekimen legegilea eztabaidatzearen aurka egin du
  • Maiatzean 145.142 sinadura aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko proposamen baten alde. Pentsioak jasotzen dituzten pertsonentzako babesa “dagoeneko sisteman txertatuta” dagoela ziurtatu du Mikel Torres lehendakariordeak eta pentsionisten proposamenak “bikoiztasuna, desberdintasuna eta finantza jasangarritasun eza” ekarriko lukeela.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko irailaren 02a
Mikel Torres bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua, Gobernu Kontseilu osteko agerraldian. Irekia

Astearteetako Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian iragarri du Jaurlaritzaren posizioa Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak. Jaurlaritzaren posizioa ez da loteslea, herri ekimen legegilea (HEL) eztabaidatu edo ez Eusko Legebiltzarrak erabakitzen baitu, baina pentsatzekoa da Jaurlaritzak ezezkoa eman ostean berdin egingo dutela EAJ eta PSE-EEko legebiltzar taldeek ere, eta gehiengoa dute legebiltzarrean.

Jaurlaritza: “koherentziaren aurkakoa”

Pentsionisten proposamena Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren “koherentziaren aurkakoa” da, Torresen esanetan. “Pentsioak jasotzen dituztenentzako babesa dagoeneko sisteman txertatuta dago eta 2008az geroztik, Euskadik diru sarrerak bermatzeko eredu propioa du, gutxieneko errenta duinak bermatzen dituena, eta pentsiodunentzako neurri espezifikoak jasotzen dituena”, ziurtatu du. 14/2022 Legeak baldintzak hobetu zituela azaldu du, eta pentsiodunak “lehentasunezko kolektibo gisa onartu”.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren proposamena kritikatu du Torresek. Bere esanetan, “pentsioak banaka osatzea” planteatzen du “bizikidetza unitatearen diru sarrerak” eta “premia ekonomikoak” kontutan hartu gabe, eta horrek desberdinkeria ekarriko luke beste kolektibo “zaurgarri” batzuen aldean, “hala nola desgaitasunen bat duten pertsonen edo diru sarrera txikiak dituzten langileen kaltetan”.

Beste bi arrazoi ere eman ditu Jaurlaritzak HELaren aurka egiteko: eskumena Espainiako Gobernuarena dela, eta ekonomikoki ez dela bideragarria. “Neurriaren izaeragatik, estatuari dagokio pentsioen balizko hobekuntza orokorrak egitea, eta HEL aplikatzeak euskal finantza publikoentzako egiturazko gastu jasanezina ekarriko luke”.

Pentsionisten mugimendua: "bidezkoa" eta "egingarria"

Pentsionisten mugimenduaren HELak proposatzen du “60 urtetik gorako pertsonek oro har jasoko duten Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzea, bazterkeria-arriskua prebenitzeko, bizimodu duina bermatzeko eta gizartean erabat sar daitezen sustatzeko”. Mugimenduaren kalkuluen arabera, neurriak 100.000 pentsionistari eragingo lioke, horietatik 65.000 emakumezkoak. Jaurlaritzak adierazi duenaren aurka, sinadurak aurkeztu zituen egunean bere proposamena “bidezkoa” ez ezik ekonomikoki “egingarria” ere bazela azaldu zuen mugimenduak.