argia.eus
INPRIMATU
Pentagonoak Trump gezurtatu du: AEBen erasoek ez dituzte guztiz suntsitu Irango gune nuklearrak
  • AEBetako Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten batek dio gune nuklearrei eginiko erasoek ez dutela Irango gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavitt-ek leporatu dio CNNri Trump presidentea gutxietsi nahi izatea, eta Etxe Zuriko maizterrak "zaborra" deitu die txostena argitaratu duten kazetariei.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 25
Donald Trump AEBetako presidentea, Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso egin ziela iragarri zuen prentsaurrekoan. Reuters

Fordowr, Natanz eta Isfahan gune nuklearrei eraso egin berritan, igande goizaldean prentsaurrekoa egin zuen Donald Trump AEBetako presidenteak erasoaren nondik norakoak eta balorazioa azaltzeko. Prentsaurrekoan erasoek "ikaragarrizko arrakasta" eduki zutela adierazi zuen Etxe Zuriko maizterrak, eta Iranek arma nuklearrak garatzeko duen gaitasuna "guztiz deuseztatu" zutela. Bada, CNN eta New York Times hedabideek argitara atera dute AEBetako Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuen txosten bat, eta, horren arabera, Trumpek agindutako erasoek ez dituzte Irango gaitasun nuklearren "sustraiak" suntsitu, baizik eta bizpahiru hilabetez atzeratu.

Baieztapen horrekin bat egin du Irango Energia Atomikoaren Erakundeko bozeramaile Behrouz Kamalvandi-k, Irango telebista publikoan eginiko adierazpenetan: "Aintzat hartuta gure gaitasunak eta abileziak, industria nuklearrak jarraitu egin behar du, eta ez dute inoiz geratuko". AEBek eta Israelek Iranen aurkako gerran zehar horrenbeste aipatu duten "uranio aberastuari" dagokionez ere, IAEAko zuzendari Rafael Grossi-k jakinarazi zuen asteartean Iranek mineral hori "leku babestuetara" eraman duela. 

AEBen bitartekaritzarekin Israelek eta Iranek adosturiko su-etena asteartean sartu da indarrean, Teheranek Washingtonek Iraken erabiltzen duen base militar bati eraso egin eta ordu gutxira. Indarrean sartu eta gutxira, ordea, kolokan egon da bi aldeek hitzartutako menia, Israelek haren aurka bi misil jaurtitzea leporatu baitio Irani. Iranek ukatu egin du Israelera misilik jaurti izana, eta aldiz, salatu du Israelek hainbat misil jaurti dituela. Trumpek Israeli egotzi dio su-etena urratu izana bere sare sozialean: "Israel, ez itzazu bonba horiek bota. Hori egitea urraketa handia da. Itzul itzazu zure pilotuak etxera, oraintxe bertan!"

Etxe Zuria eta Trump, bereari eutsiz

AEBetako Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko baieztapenen erantzun gisa, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek leporatu dio CNNri Trump presidentea gutxietsi nahi izatea: "Denok dakigu zer gertatzen den helburu batzuen gainean 14.000 kilogramoko hamalau bonba botatzen dituzunean: erabateko suntsiketa". AEBetako armadak ere adierazi du Irango hiru gune nuklearren aurkako erasoak "aurreikuspen guztiak" bete zituztela, eta "arrakastatsuak" izan zirela.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea urteroko goi bilera egiten ari da Hagan (Herbehereak), eta bertan da Trump. Herbeheretara bidaiatu aurretik, ordea, Etxe Zurian agerraldia egin du. Agerraldian, Irango gune nuklearren erasoen inguruko txostena argitaratu duten CNN eta New York Times hedabideetako kazetariei "zaborra" deitu die, erasoen arrakasta zalantzan jartzeagatik.