argia.eus
INPRIMATU
Pediatrarik gabe lau hilabete daramatza Gasteizko Alde Zaharra eta Errota auzoetako Osasun Zentroak
  • 22.051 herritarrei ematen die arreta osasun zentroak. Berez bi pediatra ditu zentroak, baina 2021etik bakarra dago lanean. Irailean hartu du baja bakar horrek, ez dago ordezkorik aurreikusia, eta egoera asko luzatu daiteke. Arabak dituen 43 pediatra plazetatik hamar bete gabe zeudela salatu zuen 2023ko apirilean Arabako Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urtarrilaren 22a
Gasteizko Alde Zaharreko Osasun Zentroa. Argazkia: ARGIA

Alde Zaharreko Osasun Zentroaren gabeziak urrunetik datoz. Hainbat gurasok ARGIAri azaldu diotenaren arabera, zentroak bi pediatra ditu esleituta, bata goizez eta bestea arratsaldez, baina 2016tik behintzat errealitatea bestelakoa da. 2016an bi pediatra ari ziren lanean, baina biak jardunaldi murriztuan, eta Osakidetzak ez zituen ordezkatu bete gabe zeuden orduak. 2021ean arratsaldeko pediatra beste zentro batera lekualdatu zen, eta ordutik bere plaza bete dago. Olagibeleko osasun zentrora desbideratu zuten bere kupoa. Bi urte baino gehiago dira, beraz, pediatra bakarra dagoela Alde Zaharreko zentroan, eta herritarrek goizez soilik dutela zerbitzua. Eta gazteleraz halabeharrez, pediatra ez baita euskalduna.

Egoera are gehiago larriagotu da berriki, irailean baja hartu baitzuen geratzen zen pediatra bakarrak, eta Osakidetzak ez du ordezkorik jarri. Ordutik, Olagibel, Aranbizkarra I eta Aranbizkarra II zentroetara bideratzen ditu haurrak Osakidetzak.

Egoerak oso luze jo dezake

Aurreko informazioa baieztatu dio LAB Osakidetzak ARGIAri. Zehaztu du erizaina badagoela, txertoez edo errebisioez arduratzen dena, baina ez pediatrarik. Gaineratu du zentroan zalantza dutela pediatra bueltatuko ote den, baja luze doalako eta nagusia delako. Are gehiago, litekeena dela lanera bueltatu gabe erretiroa hartzea, eta hori gertatzekotan oso luze jarraitu dezakeela osasun zentroak pediatria zerbitzurik gabe, “ez dagoelako pediatrarik”.

Gasteizko Alde Zaharreko Osasun Zentroak bi auzori ematen die arreta, Alde Zaharra eta Errota. Gasteizko Udalak 2024ko urtarrilaren 1ean emandako datuen arabera, Errotan 12.827 herritar daude erroldatuta, eta Alde Zaharrean 9.224: orotara, 22.051. LAB Osakidetzatik azaldu dute pediatria zerbitzuari begira zentro “konplikatua” dela Alde Zaharrekoa, haur asko dagoelako eta patologiak ugariak direlako, besteak beste pobreziari loturikoak.

Gabezia larriak eta orokorrak

2016an ELA sindikatuak salatu zuen Arabako pediatria zerbitzua “kolapsatuta” zegoela, "Osakidetzaren utzikeria dela-eta". Zazpi urte beranduago, 2023ko apirilean, Arabako Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforma izan zen zerbitzuaren “egoera larria” salatu zuena agerraldi jendetsu batean hainbat gabezia zerrendatuz, besteak beste: “Administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasuna, itxaron zerrenda luzeak, aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasuna, protokolo komunik eza, denbora gutxi gaixoekin, arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna edo zailtasuna”. Plataformak ondorengo datua ere eman zuen: Arabako 43 pediatria plazetatik hamar bate gabe zeuden, "ia %25".

Arabako Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformaren agerraldia 2023ko apirilean. Argazkia: Hala Bedi.