Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria” eta horri aurre egiteko Hezkuntza Legean eragin nahi dute lehenik.
Control Z plataforma jaio da, osasunari lotutako Espainiako elkargo eta erakunde prestigiotsuenak barne hartzen dituzten hamabost erakundek baino gehiagok osatua. Bizi dugun hiperkonexio digitala osasun publikoko “arazo oso larria” dela eta haur eta gazteen osasun mental eta fisikoa “larriki kaltetzen” ari dela ohartarazi dute, hainbat ikerketa eskutan.
Bakoitzak bere arlotik, hiperkonexio honen inpaktu zerrenda luzea aipatu dute aurkezpenean, tartean menpekotasuna, sedentarismoa, depresioa eta antsietatea, lo falta, hizkuntza garapenaren nahasmenduak, eta galera arretan, kontzentrazioan eta memorian. Mugikorrek sortzen dituzten mikroestimuluak, epe labur eta intentsitate handikoak, makina-txanponjaleekin alderatu dituzte, baita batak eta besteak dituzten ondorioak ere.
Hezkuntza Legea aldatzeko zuzenketa
Iragarri dute udazkenean Espainiako Hezkuntza ministroarekin bilduko direla eta autonomia erkidegoetako Hezkuntza ordezkariekin bilera egitea eskatuko diotela, gehiegizko erabilera digitalak haur eta gazteengan duen eragina azaltzeko eta horren aurrean erkidegoetako sailburuek neurriak har ditzaten. Zehazki, Espainiako Pediatria Elkartearen gomendioak segi daitezela eskatzen dute: 0-6 urte artean pantailarik ez, 7-12 urte artean gehienez ordubete egunean (eskola eta etxea, biak barne hartuta), eta 13 urtetik aurrera gehienez bi orduko kontsumoa egunean. Aldiz, ikerketek diote haur eta gazteek askoz ordu gehiago ematen dutela pantaila aurrean.
Norabide horretan LOMLOE Hezkuntza Legea aldatzeko zuzenketa aurkeztuko du plataformak. “Zenbat eta zenbat institututan daude haurrak pantailari itsatsita eta etxean eskolako lanak ordenagailu eramangarrietan egiten?”, diote.
Ikasteko oraintxe dugun baliabide preziatuena arreta da, kontzentrazioa, “eta ikerketek garbi uzten dute teknologia digitala ikasgelan sartzea arreta mantentzeko faktore apurtzailea dela”
Hain justu, hezkuntzaren digitalizazioari ARGIAn eskaini genion erreportajean, Pablo Garaizar irakasle eta teknologian adituak argi adierazi zuen: ikasteko oraintxe dugun baliabide preziatuena arreta da, kontzentrazioa, “eta ikerketek garbi uzten dute teknologia digitala ikasgelan sartzea arreta mantentzeko faktore apurtzailea dela”. Galdera egin genion: zein mailatan hasi eskolan teknologia digitala erabiltzen? “Zenbat eta beranduago, hobeto”, borobildu zuen. Bere ustez, Haur Hezkuntzan ez litzateke teknologia digitala erabili behar, umeak mundu fisikoa ikasten ari direlako, eta ez dago digitalizatzeko beharrik. Abstrakzioaren eta ideien mundura salto egin aurretik, hau da, abstrakzio kapa bat den digitalizaziora salto egin aurretik, konkretua landu behar da, eta jauzia egiteko unea Lehen Hezkuntzako azken zikloan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hasieran jarri zuen Garaizarrek.
Coline Frantzian, Altxa Burua Euskal Herrian
Bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki, nabarmentzekoa da Espainiako Estatuko plataforma berria, eta sintonian dator pantailen gehiegizko kontsumoarekin kezkatuta dauden mugimenduen ugaritzearekin. 2023an kontatu genuenez, Frantziako Estatuan Coline kolektiboak salatzen du eskolak pantailaz eta teknologia digitalez betetzen ari direla eta gogoetarik gabeko bide arriskutsua egiten ari direla. Gurean, ezaguna da gero eta guraso eta hezitzaile gehiago barnebiltzen dituen Altxa Burua mugimendua, mugikorra izateko adina atzeratzeko eta mugikorrik gabeko espazio askeak lortzeko borrokan. Ipar Euskal Herriko “Pantailak utzi erronka” ere bada gehiegizko erabilera digitala frenatzeko saiakeraren beste adibide bat.