Sanofi farmaziako multinazionalak Paue ondoko Mourencs –Mourenx– herrian daukan lantegi kimikoa itxi dute, France Nature Environement koordinadura ekologistak salatu ostean azken aldian airera jaurtitzen duela onartuta daukan isuria bider 7.000. Lacq polo kimiko polemiko eta kutsagarrian dago Sanofiren fabrika.
Astelehenean, 9, France Nature Environnement koordinadora ekologistak plazaratu zuen Lacqeko gune kimikoan kokatuta dagoen Mourencseko (Biarnoa) fabrikan Sanofik isuritako kutsadurek askogatik gainditzen dituztela legez baimenduta dauzkaten emisio mailak. Orain prentsak azaldu duenez, multinazionalak erabaki du bere fabrikako produkzioa etetea.
Sanofi multinazionala da munduko handiena botiken ekoizpen eta komertzializazioan. Duela urte batzuk Sanofik eskandalo handi samarra eduki zuen Frantziako estatuan, epilepsiarako ekoizten zuen bere Depakine botikak kaltetu zituela hainbat emakume haurdunek sabelean zekartzaten umeak, hauei malformazioak eraginez.
Orain jakin denez, Sanofik modu kontrolatuan aireratu behar dituen bost produktu lurrinkor (bromopropanoa, toluenoa, isopropanola, valeonitriloa eta propenoa) legez ametitzen diotena baino 7.000 aldiz gehiago isuri duela. "Bost substantzion artean –dio France Nature Environementek– Depakine botikaren fabrikaziorako erabiltzen den bromopropanoak garrantzia berezia dauka, kantzerra, mutazioak eta eta malformazioak eragin ditzakeelako".
Orain multinazionalak bere lantokia geldiarazi duen arren, ekologistek salatu dute sei hilabeteko atzerapenaz jakinarazi dituela bere kutsadura mailetan zeuden irregulartasunak. Sanolfi kokatuta dago antzina lurpetik gas naturala erauzten zuen Lacqeko gune kimikoan. ARGIAk bere garaian jaso zuenez, Lacq da Frantziako estatuko eremurik kutsatuenetako bat; ingurumenaren aldeko ekintzaileek salatzen dute lekuko agintari politikoekin elkar hartuta hor konpainiek beren kutsaduraren edozein kontroli iskin egiten diotela. Gune hau Zuberoaren mugatik 20 kilometrora dago, Maule hiriburutik 27 kilometrora. 1960eko hamarkadatik gasa erauzi ostean, lurpeko hutsuneok erabiltzen ari dira Europa osoko zabor kimikoak lurperatzeko.