Preso txantrearrari ospitalera joatea eskaini diote ostegunean, baina epaitegiek agindu arte uko egin dio joateari, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaldu bezala. Proba medikoak egin dizkiote eta "giltzurrunetako akatsa" atzeman diote. Hamabigarren eguna du gaur gose eta egarri greban.
Presoaren osasun egoera larria dela jakinarazi zuen Ainhoa Mejias bere abokatuak ARGIAn, edozein unetan bihotzekoa izan dezakeela. Ostegunean egindako proba mediku berriek giltzurrunetako gaitzak pairatzen ari dela azaleratu dute, baina uko egin dio ospitalera joateari, epaitegiak hala agindu artean.
Abokatuak azaldu bezala, kartzelaren erantzuna “oso txarra” izan da; hasieran gose greba ezeztatu zuten, eta Patxirekin elkartzea oztopatu. Hala ere, espetxeko erizaindegian bertan seruma jartzea eskaini diote. Orduan ere, Auzitegi Nazionalaren autoak derrigortzen bazuen ospitalera joango zela adierazi zuen, baina ez duela nahi espetxeko erizaindegian seruma jar diezaioten, ez da fidatzen.
Hamabigarren eguna hasi du gose greban Ruizek. Alarma egoeran segurtasun neurririk hartu ez izanagatik protestan hasi zen guztia, baina funtzionarioek bere bizitzaren aurkako mehatxuak egin zizkiotela salatu zuen, eta orduan hasi zuen gose eta egarri greba. Bere aldarrikapen nagusia 8. moduluko funtzionario nagusia kendu dezatela da, hori baita bere bizitzaren aurkako mehatxuak egin dizkiona. Orain modulu horretan ez badago ere, aldarrikapen horrekin jarraitzen du.
Elkartasun keinuak
Patxirekin elkartasunez zenbait kartzelatako presoek baraualdiak, txapeoak edo janari erretiloari uko egiteari ekin diote. Kalean ere zenbaitek baraualdi eta gose grebari ekin diote. Herri askotan mobilizazioak antolatuta daude egunotan.
Luhuso eta Itsasuren (Lapurdi) arteko bidea moztu berri dute Patxi Ruizekin elkartasunez..