Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak urteko balantzea egin du eta baikor azaldu da 2016ari begira: %2,6 haziko da ekonomia eta langabezia tasa %13ra jaitsi.
“Ez dugu gure inguruek baino gehiago ordaindu nahi”, halaxe adierazi zuen, inplizituki bada ere, enpresei zergak jaisteko nahia Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak, Bilbon urte amaierako balantzea egiteko orduan. Larrañagak onartu zuen ez direla zergak jaisteko garaiak, baina horren trukean eskatu zuen enpresei eragingo dien inbertsio eta enplegurako laguntzak emateko.
Enpresaburuek balantze positiboa egin zuten aurtengo urteari dagokionez, %2,7 hazi da ekonomia EAEn eta Gizarte Segurantzan 22.000 pertsona gehiago daude. 2016ari begira ere baikor da Confebask: %2,6 haziko ei da ekonomia eta %13ra jaitsiko da langabezia tasa.
Edonola ere, enpresaburuen elkarteak koiuntura horretan ez du aztertu langabetuen eta enplegua lortu dutenen nolakotasuna. Ez zenbat igo den denbora luzez langabezian daudenen kopurua edo langabezia-saria amaitu zaienena, ezta sorturiko enpleguaren kalitatea ere.
Langile-kostua, handiegia
Etorkizuneko arriskuen artean, petrolio merkearekiko menpekotasuna nabarmena da, horrek ekarri baitu azken batean aurten ekonomiaren hazkundea.
Confebaskek beste gai batean ere jarri du arreta ordea: bere ustez lan-kostuak handiegiak dira “nazioarteko lehiakortasun testuinguru gogor batean”. Elkartearen esanetan, siderurgia sektorean bereziki, “kostu baxuko kanpoko produktuen inbasioa” ari da gertatzen, eta arlo horretan langileei gehiegi ordaintzen omen zaienez “marjinak oso txikiak dira” kanpoko lehiari aurre egiteko.