argia.eus
INPRIMATU
Pasa den astean geldiarazi zen etxegabetzea gauzatu du Poliziak Iruñean
  • Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira etxera, eta emakumeak bere borondatez utzi du etxea, beste bizitoki batera joateko akordioa egin baitu.

ARGIA @argia 2025eko ekainaren 11
Ahotsa

Ahotsa.info komunikabideak emandako informazioaren arabera, asteazken goiz honetan, ustekabean, Espainiako Polizia eta Udaltzaingoa agertu dira Iruñeko Alde Zaharreko San Lorenzo kalera, eta itxi egin dute bertara sarbidea, elkartasun eta erresistentziarik antolatzeko astirik gabe. 08:00etan jo diote atea Ana Beleni.

Poliziarekin batera, udaleko gizarte zerbitzuak ere han bertan izan dira, Euskalerria Irratia-k jakitera eman duenez. Emakumeari beste bizitoki bat eskaini diote hura lagatzearen truke. Hala adostu dute, eta Ana Belenek etxea utzi du.

Etxetik kaleratu duten emakumeak 57 urte ditu. Desgaitasun aitortua dauka %75ekoa, eta minbiziaren aurkako tratamendupean dago. Errentan bizi zen etxe horretan, baina kontratua amaitu zaio eta ez diote berritu nahi.

Pasa den astean, ekainaren 4an, aurrez jakinarazita zegoenez etxegabetze agindua, Etxebizitza Sindikatuak deituta ganoraz antolatu zen erresistentzia. 09:00etarako zegoen deituta kaleratzea, eta ordurako ehun lagun inguru bilduta zeuden eraikinaren atarian, pankarta baten atzean, Xabier Letona kazetariak bertatik kontatzen zuen moduan. Istiluak izan ziren polizia-agenteekin ezkaratzean, baina atzera egin zuten azkenean, idazkari judizialarekin hala hitz eginda.

Gaurko gertakariaren berri izanda, pasa den astean protestan izan zen taldeak salatu du etxegabetze honen prozedura "ilegala" izan dela.