argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren aldeko greba, lanuzte, eta mobilizazio egunean parte hartzeko hitzorduen bilduma
BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko urriaren 15
Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Lanuzteak eta grebak

LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek honako orduetan lanuzteak egitera deitu dituzte langileak, lan ordutegi edo txanden arabera: 03:00ak eta 06:00ak artean; 11:00ak eta 14:00ak artean; edota 19:00ak eta 22:00ak artean.

ELAk, bere aldetik, lau orduko lanuzteak deitu ditu. Lan txandaren arabera: 03:00ak eta 07:00ak artean –industriako ohiko txandetan, 02:00etatik 06:00etara–; 11:00ak eta 15:00ak artean  –industrian, 10:00etatik 14:00etara– eta 18:00etatik 22:00etara. Ahal izanez gero enpresa batzordearekin batera lantokietako sarreretan kontzentrazioak egitera ere deitu du.

Hezkuntza sektorean egun osoko greba deitu dute sindikatuek modu bateratuan, eta ikasleen eragileek bat egin dute. Haur hezkuntzatik unibertsitatera bitartean, langile guztiak daude grebara deituta (irakasleak, garraiokoak, jantokietakoak...)

Goizeko mobilizazioak

11:00etan lanuztea hastean, lantoki sarreran batzeraa deitu dute LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRUk. Hortik abiatuta zutabeak osatuko dituzte hiriburuetan 12:30etan deituta dauden manifestazioekin bat egiteko: Gasteizen, Andre Mariaren plazatik irtengo da mobilizazioa; Bilbon, Jesusen Bihotzatik; Iruñean, Golem zinemetatik; eta Donostian, Bulebarretik. ELA sindikatuak, aldiz, mobilizazioak 11:30etan deitu ditu hiriburuetan.

Ikasle mugimenduek ere  manifestazioak prestatu dituzte. Irakasleak Palestinarekin plataformak Iruñeko hezkuntza ordezkaritza aurrean elkarretaratzea deitu du 09:45etan. Ikasle Abertzaleak 11:30etako deitu du Gasteizen mobilizazioa eta gainerako hiriburuetan 12:00etan. Ikamak dei egin du sindikatuek hiriburuetan deitutako mobilizazioetara batzera, ikasle blokeak antolatuta.

Hiriburuez gain, hainbat herri eta eskualdetan ere izango dira mobilizazioak.

Arratsaldeko mobilizazioak

Sindikatuek mobilizazio bakarra deitu dute arratsaldean, Iruñean, 18:30etan.

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak, bere aldetik, 18:00etarako antolatu ditu mobilizazioak: Iruñean PSNren egoitza aurrean; Bilbon Hezkuntza delegaritza aurrean; Donostian Pio XII plazatik abiatuta; Gasteizen, aldiz, 17:30etan Katedral Berrian.

Gernika-Palestina ekimenak herri guztietako udaletxe aurrean burrunbak egitera deitu du, arratsaldeko 19:30etan.