Polonian preso duten Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekide Oihana Goirienak bizi duten egoera ezohiko eta “zentzugabea” salatu du Eusko Legebiltzarrean. Poloniako auzitegiek ez diete utzi lau hilabeteotan ez berari ez bere semeei Gonzalezekin kontakturik izaten. “Nahiko eskandalagarria da”.
Segurtasun handiko modulu batean dute Pablo Gonzalez eta Poloniako auzitegiek trabak jartzen dizkiote senideen bisitak jasotzeko. Oihana Goirienak bidalitako eskaerari auzitegiek erantzun zioten justifikatzeko ea zergatik nahi duen senarra bisitatu eta ea zergatik semeek nahi duten aitarekin telefonoz hitz egin. “Zentzugabea da”, adierazi du Eusko Legebiltzarreko Europako Gaien eta Kanpo Ekintzen Batzordean. Públicok jaso du Batzordean hitz egindakoa.
Abokatuak esan zion Goirienari beharbada bera ere susmagarritzat dutela Poloniako zerbitzu sekretuek, “baina semeek zergatik ezin dute bere aitarekin hitz egin?”.
Pablo Gonzalezekin zuzenean hitz egin ahal izatea eskatu du, “batez ere bere semeek entzun ahal izatea aita hor dagoela. Komunikazio zuzenerako Gonzalezek duen eskubidea urratzen ari dira, eta gainera, hiru adin txikikori ukatzen diete aitarekin komunikatzea. Nahiko eskandalagarria da”.
Gonzalezen abokatuak kasuaz hitz egitea debekatua duela eta senarrari buruz jasotzen duen informazioa nahiko eskasa dela ere azaldu du Legebiltzarrean.
Noiz arte?
Presoa Espainiako kontsularekin eta Poloniako abokatuarekin baino ezin da komunikatu. Kontsularen lana da “nire senarrarekin komunikatzeko baliabide zuzen bakarra eta fidagarriena; bien arteko bitartekaritza egiten ari da”. Pablo Gonzalez osasunez ongi dagoela eta optimista dela azpimarratu du Oihana Goirienak, “baina jakitun da bi urte eman ditzakeela behin-behineko espetxealdian, epaiketaren zain”.
Espainiako Gobernuak berarekin komunikazio zuzena izatea nahiko lukeela gaineratu du.
Bisitatu ahal izatea, telefonoz deitu ahal izatea, Pablo Gonzalezen espetxealdia ez luzatzea eta epaiketaren data jartzea eskatu du Goirienak.
Gonzalezen abokatu Gonzalo Boye-k gogoratu du guztiz ezohikoa dela egoera eta bermedun prozesua izateko Europar Batasunak eskatzen dituen baldintzekin ez dela betetzen ari Polonia.
Ekaitz perfektuak harrapatuta erreportajean jorratu dugu gaia.