argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalez: “Adierazpen eta prentsa askatasunerako eskubidea defendatzen jarraitzen dut”
  • Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak urtero banatzen dituen Euskal Kazetaritzaren Sarietan, aurten, Adierazpen Askatasunari José María Portell saria eman diote Pablo Gonzalez euskal kazetariari. Polonian atxilo daukate duela zortzi hilabete baino gehiagotik, inolako frogarik gabe eta bere oinarrizko zenbait eskubide urratuz. Oihana Goiriena emazteak jaso du saria eta ofizioaren garrantzia azpimarratu du. "Profesional independente, deseroso eta zorrotzak behar ditugu. Baina beren lana ezin da beti egon susmopean", aldarrikatu du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko azaroaren 09a
Gonzalezen lagun eta senideek bere aldeko aldarria eraman zuten. (Arg: Mitxi-Miguel Calvo Alejo)

Kazetarien elkargo eta elkarteari eskerrak eman ostean ondorengoa adierazi du Goirienak, saria jasotzean:

"Badakigu ez dela berez bere ibilbide profesionalari eginiko aitortza, baizik eta bere egoerari. Baliatu nahi dut aukera, aldarrikatzeko kazetarien lana funtsezkoa dela gure gizartean. Profesional independente, deseroso eta zorrotzak behar ditugu. Baina beren lana ezin da beti egon susmopean. Kazetariek, batez ere freelance-k, erakundeen babesa eta laguntza behar dute euren lana modu aske eta seguru batean egiteko.Pablo edo Pavel ezagutzen dugunok badakigu bera zerbait izatekotan bera komunikatzailea dela. Orain inkomunikatuta dago, zortzi hilabete daramatza inkomunikatuta. Isilarazi dute, hain justu, berak eskaintzeko hainbeste ezagutza duen testuinguru batean".

Jakinarazi du, hiru aste lehenago Espainiako kontsularen bidez esan ziotela sari hori eman diotela, eta bere esker hitz batzuk irakurri ditu.

"Izugarri eskertzen dut ez jasotzea gustatuko zitzaidakeen sari hau, batez ere, uste baitut ez nagoela aurreko saridunen mailan. Gure mundu honetan, eta bizi dugun krisi izugarriaren erdian, adierazpen eta prentsa askatasunerako eskubidea defendatzen jarraitzen dut".

Ikusi Goirienaren pasartea bideoan:

Saria kazetari eta idazle Carmen Torres Ripak eman zion, Jose Maria Portelen alargunak. Pablo Gonzalezen emazteari hitz hunkigarriak eskaini zizkion kazetaritza-lanbide osoaren izenean: "Pablo laster zurekin egotea nahi dugu. Pablo zugan eta bere seme-alabengan pentsatzen ari da eta horrek indar handia emango dio. Beste guztiok egin beharreko guztia egingo dugu bera hona ekartzeko. Bera da euskal kazetariok aurkitu dugun adibiderik onena. Bere zain gauzka".

Pablo Gonzalezez gain, 2022 honetako Euskal Kazetaritzaren Sariak ondorengoei eman dizkiete: Luis Rodríguez Aizpeoleari, Euskal Kazetariei Saria kategorian; Florencio Torre Lledóri bere ibilbideagatik; Berria FM podkast feministagatik Maider Galardiri, Kazetaritza Digitala kategorian; Ramón Bustamanteri Ingurugiro Kazetaritza kategorian, Maite Bartoloméri Fotokazetaritzan eta EITBri Pertsonaia edo Erakunde Sozial kategorian.

Sarituetako batzuk, ekitaldiak iraun bitartean. (Arg: Mitxi-Miguel Calvo Alejo)