argia.eus
INPRIMATU
Otegi hautagai-zerrendatik kanpo uzteko erabakia berretsi du Administrazio-auzietako epaitegiak
  • Administrazioarekiko auzien Gipuzkoako epaitegiak ez du aintzat hartu Arnaldo Otegiren abokatuek aurkeztutako helegitea, eta berretsi egin du Hauteskunde Batzordeak abuztuaren 29an hartutako erabakia: EH Bilduren lehendakarigaiaren hautagaitza ontzat ez ematea. Espainiako Konstituzio Auzitegira joko duela iragarri du EH Bilduk.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 2a

Victor Mora epailearen arabera, auzia "agortuta dago judizialki", aurrez aztertua izan baita zegokien organoetan, eta irmo bihurtu da, Otegik berak ez zuelako inpugnatu "horretarako aukera izan zuenean". Europa Press berri agentziak zabaldutako oharraren arabera, epaileak gaineratu du garaiz egin izan balu Otegiri ez zitzaiokeela argudiorik faltako, "prozedura honetan aurkeztu diren alegazioak ikusita".

EH Bilduk, prentsa ohar baten bidez, adierazi du Arnaldo Otegiren defentsak babes helegitea aurkeztuko duela Espainiako Konstituzio Auzitegian. Horixe da hain zuzen bide judizialaren azken geltokia. Auzitegiak irailaren 8ko gauerdia baino lehen –orduantxe hasiko da EAEko hauteskunde kanpaina– hartu behar du erabakia.