Ostiralean bilduko da berriz Eusko Jaurlaritzaren Herritarren Babeserako Labi batzordea, osasun larrialdi egoera berrezartzeko. Horrez gain, COVID ziurtagiria ezartzeko neurriak ere aztertuko dituzte.
Urriaren 7an osasun larrialdi egoera bertan behera utzi ostean amaitu ziren Labi batzordearen bilerak ere. Ordutik, ordea, egoera epidemiologikoa okertzen joan da. Asteartean iragarri zuen Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak osasun larrialdia berriro ezarriko zutela. Egun berean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzak COVID ziurtagiria ezartzea onetsi zuela.
Berri agentziek aurreratu dutenez, ostiralean elkartuko da berriz Labi. Iragarritakoari jarraiki, EAEn larrialdi egoera berrezarriko dute bileraren ostean, eta berriz sartuko da indarrean Pandemiaren Aurkako Legea, intzidentzia mailaren araberako neurriak ezartzen dituena. Hainbat eremutan edukierak mugatzeko eta ostalaritzari dagozkion beste zenbait neurri hartu ahalko ditu Jaurlaritzak, baina ezingo du mugikortasuna mugatu edo etxeratze agindurik ezarri.
Espainiako Auzitegi Gorenak EAEn ere COVID ziurtagiria eskatzea ahalbidetu ostean, horren inguruan har daitezkeen neurriak ere aztertuko ditu Labik. Oraindik bileraren deialdia ofiziala ez bada ere ostiralean datorren asteburutik aurrera indarrean sartuko diren neurriak erabakiko dituztela aurreikus daiteke.