Tolosako erdigunean ezezagunek zaborra zuzenean ibaira botatzen dutela eta bazterrak zikinkeriaz beteta daudela salatu zuen talde ekologistak duela hilabete eta erdi.
Eguzkik ekintza baten bidez salatu nahi izan du Tolosako Armeria plazatik gertu Oria ibaiko bazterren egoera. Eurek bildu dituzte inguruan zeuden plastiko eta zikinak eta gutxienez bospasei poltsa bete zabor jaso dute, irudietan ageri den moduan.
Azaldu dutenez, duela hainbat aste Tolosako Udalari egoera horren berri eman zioten baina bere horretan jarraitzen zuela ikusita erabaki dute ekintza hori egitea. Toki horretan ezezagunek zaborra zuzenean ibaira botatzen dutela salatu dute, eta 180 metroko eremua besterik ez duela hartzen.
“Udalak baditu eskumenak gure ibaiak garbitzeko –azaldu du Gorka Alberdi Eguzkiko kideak– eta hondakinen inguruko politika oso bat eskatzen du honek, arazo handi baten aurrean baikaude”. Euren ustetan ibaiak “zabortegi” bihurtu dira eta herri bakoitzak azterketa sakona egin beharko luke bere ibaietako kutsadura saihesteko.