argia.eus
INPRIMATU
Ordizian 91 PCR probetatik pare bat positibo atzeman dituzte
  • Asteartera arte egindako probetan bi bizilagunek eman dute positibo gutxienez. 900 proba egin dituzte, baina 91ren emaitza da jakina orain arte. Hainbeste testen artean pare bat positibo aurkitzea “ohikoa” dela jakinarazi dio Osasungintza Publikoak Udalari. Ekainaren 27tik aurrera Ordiziako Etxezarreta kalean ibili diren ehunka lagun bertaratu dira proba egitera.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 07a

COVID-19aren transmisio komunitariorik izan den aztertzeko testak egin dira Ordizian uztailaren 6az geroztik. Ehunka lagun ilaratan gerturatu dira udalerrian ezarritako postu medikalizatuetara, denak kutsatze-foku gisa identifikatu den Etxezarreta kalean ekainaren 27tik aurrera izan diren pertsonak. Horietatik bik emaitza positiboa eman dute. Hala ere, Adur Ezenarro alkateak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei Berria egunkariaren bidez: “Oso zaila da hainbeste testen artean emaitza positiborik ez egotea”. Gainera, kasu horiek “ez dute zertan harreman zuzenik izan Etxezarreta kaleko fokuarekin”.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga bertan izan zen, eta kasuaren inguruko kontaktu estuek dagoeneko testak egin dituztela adierazi zuen. Halere, “neurri gehiago” hartu beharrean direla aitortu zuen. Izan ere, taberna guneetako jende edukierak “zaildu” egiten du positiboen gaineko kontrola, eta hortik datorkio kezka handiena.

Ordiziako Udalak uztailaren 6ko iluntzean aditzera eman zuenez, eginiko 900 probetatik lehen 91ren emaitzak jasota, guztiek emaitza negatiboa eman zuten. Baina gogoratu dutenez, horiek testen %10 baino ez lirateke.