Bilboko Portuaren plan estrategikoaren onurak hedabidez hedabide azaltzen aritu da Asier Atutxa presidentea. Baina, enpresariek beren enpresez hitz egitean ohikoa duten autobonboaz aparte, bi galdera ‘deseroso‘ erantzun behar izan ditu. Bata, errefuxiatuak portura ez sartzeko eraikitzen ari diren harresiari buruz. Eta bigarrena, martxoan Ignacio Robles suhiltzaile desobedienteak piztu zuen eztabaidaren harira, Saudi Arabiara bidean Bilboko Portuan izan diren armaz betetako itsasontziez.
Txanpon beraren bi alde. Batetik, portua bunker bihurtuta, egoera biolentoetatik ihesi doazenak baztertzen ari dira; (enpresaren) segurtasunaren izenean. Eta bestetik, Saudi Arabiako diktadurak egoera biolentoak sortzen jarrai dezan ezinbesteko dituen armak esku zabalik hartzen ari dira; (enpresaren) negozioaren izenean.
Erantzunean Atutxak maisuki uztartu ditu multinazionalen bihozgabetasun historikoa eta politikarien pragmatismoa: “Begira, arma trafikoa legezkoa bada, guk lan logistikoa egingo dugu. Asier Atutxak honi buruz duen iritzia ez dut uste inori inporta zaionik”.
Alemania nazian negozio itzelak egin zituzten enpresari askok aliatuen epaiketetan adierazitako arrazoibide bera erabili du: “Legediaren arabera moldatu naiz negozioa aurrera ateratzeko”. Alegia, unean uneko legearen arabera egindakoa ezin dela inoiz delitu izan. Hori argudiatu zutenak zigortzeko mugarri izan ziren epaiketa horiek, hor sortu baitzen justizia trantzisionala –giza eskubideen urraketak konpontzeko neurri politiko eta judizialak–, egun Euskal Herrian egun sarri aipagai duguna.
Jakin nahiko nuke Euskal Herriko edo Espainiako zein legek dioen bidezkoa dela Yemenen aurka Saudi Arabiak abiatu duen gerra. Baina, hori ez da kontua. Israelek palestinarren aurka egin dituen zenbait sarraski legearen aurkakoak direla nazioarteko epaitegiek sarritan ebatzi badute ere, Bilboko Portuak ez dio utzi negozio egiteari sionismoarekin. Adibidez.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak salatu duenez, Atutxari legea eta justizia ez direla gauza bera “ahaztu” zaio. Eusko Jaurlaritzak arrazoi politikoengatik aukeratutako pertsona batek uko egin dio edozeinen begitara injustuak diren bi egoera hobetzen laguntzeari. Biolentziaren erabilera, gerra eta errefuxiatuen mundu mailako krisia ere “gureak” dira. Ez da onargarria “barkatu, ez da gure ardura” entzutea Atutxaren moduko botere postu batetik. Gizartearen aurrean irudikatzen baitu pertsonen sufrimendua baino gertukoen etekina dela kezka bakarra.