argia.eus
INPRIMATU
Ongarri kimikoetan ere kutsatzaileak kutsadura kontrolatzen: Tejerina ministro espainiarraren kasua
  • Europako nekazaritza industrialak ongarri kimikoekin gehiegi kutsatzen duela eta Europako Batzordea hasi denean fosfatoek daramatzaten metal astunak mugatu nahian, Espainia atera da kontra. Kasualitatea? Ez dirudi: kutsaduraren kontrolak arazoak sortuko lizkiokeen Fertiberia industriaren buruetako bat da Isabel Garcia Tejerina nekazaritza ministroa.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko otsailaren 19a
Isabel Garcia Tejerina Nekazaritza ministroa 'Fertiberia' ikerketa sarien banaketan 2017an. (Argazkia: Espainiako Gobernua)

Eldiario.es hedabideak xehetasun garrantzitsuak eskaini berri ditu gaiaz “Tejerina ministroak, industria agrokimikoko zuzendari ohia izanik, galga jarri nahi dio Europako ongarri kimikoetako toxikoak  gutxitzeari”. Joan den astean ARGIAn Maddi Txintxurretak plazaratu bazuen “Pestiziden arriskuez babesteko arauak pestiziden egileek idazten dituzte”, gauza bera ari da gertatzen ongarri kimikoen arloan ere. Enpresatik politikara eta politikatik enpresara sartu-irtenean dabiltzanen ‘ate birakari’ edo ‘ate errotak’ dira gakoa.

Oraingoan Europak nahi du nagusiki Magrebetik –Maroko, Mendebaldeko Sahara…- ekarritako fosfatoz ekoiztutako ongarrik daramaten kadmioa kiloko 75 microgramoetatik 20ra jaistea. 12 urteko epe lasaia proposatu duen arren, laburregiak dira horiek ere, antza, Espainiako industrialentzako. Isabel Garcia Tejerinak gauzak bere horretan mantentzeko eskaria luzatu dio Europara. Kontua da Tejerina izan dela ministro izan aurretik –eta Aznarren garaietan gobernuko goi kargu izan ostean- Fertiberia enpresako zuzendaritzan estrategia buru nagusi.

Nekazaritza industrialean eta oro har ongarri kimikoak erabiltzen dituzten baserritar eta ortuzainen artean hain erabiliak diren fosfatoen kadmioa ez da gauza hutsala, metal astun hori hainbat kantzerrekin lotzen baita aspalditik eta kadmioa gizakiaren soinean sartzeko bide ohikoena janaria izan ohi da. Baina gizakien osasunak baino gobernuen erabakietan industrialen interesak garrantzitsuagoak izaki, Tejerinak Europari eskatu dio gauzak dauden-daudenean lagatzeko, zeren eta bestela Europan atzerritik ekarrita ekoizten diren fosfatoak garestiegi geratuko liratekeelako, tartean Fertiberia bere konpainiarena. Herritarrak argudio hau gogoan eduki beharko luke, azienden simaurrez edo etxeetako hondakin organikoz egindako konpostarentzako merkaturik ez dela berriro entzun beharko duenerako.

Garcia Tejerinak badauka beste eskandalu bat edozein unetan leher dakiokeena, baldin eta epaileek beren lanean jarraitzen badute: Fertiberiak  Aljerian zenbait goi funtzionario eta militar 19 milioi eurorekin erosi zituela eta, ikerketa bat dauka zabalik Madrilgo Entzutegi Nazionalak. Soborno horiek gertatu ziren Tejerina zenean Fertiberiaren Aljeriako filialaren kontseilari ordezkari.