argia.eus
INPRIMATU
Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortzeko dekretua onartu du Espainiako Gobernuak
  • Espainiako Estatuko presidente Pedro Sanchezek duela sei hilabete agindu zuen “txiringito pribatuei” muga jarri behar zitzaiela. Tamaina, irakasleak, ikerketa eta finantziazio kaudimena dira ezarri berri diren oinarrizko baldintzak.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko urriaren 09a
Euskal Herrian polemikatik abiatu zen Gasteizko Euneiz unibertsitate. Gaur gaurkoz ez ditu betetzen baldintzak guztiak. Underneath, on the right. (CC BY-SA 4.0)

Unibertsitate pribatuetako zentro berriak irekitzeko baldintzak gogortuko lituzken legegintzako errege dekretua onartu du Espainiako Estatuko Ministroen Kontseiluak, La Vanguardia-k jaso duenez. 2021ean saiakera egon zen lege berria ateratzeko baina duela sei hilabete, ARGIAn Mikel Garciak idatzitako erreportajean azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak eskakizun berriak ezarriko zituela aurreratu zuen, “unibertsitate txiringitoen” aurka.

Baldintzak honakoak dira: Unibertsitate berriek sei urtean 4.500 ikasle lortu beharko dituzte, nahiz eta salbuespenetan gutxienez 3.150ekin onartu daitezkeen. Hezkuntza-eskaintzak gutxienez hamar gradu, sei master eta hiru doktoretza jaso beharko ditu, hiru ezagutza arlotan banatuta. Irakasle kopurua 350 eta 500 artean egon beharko da, eta horien erdiek doktoreak izan beharko dute. Aurrekontuaren %5 ikerketara eta %2 kanpoko finantzaziora bideratu beharko da. Unibertsitateak ikasleen %10arentzako ostatua bermatu beharko du prezio eskuragarrietan, eta hirugarren urteko aurrekontuaren pareko abal ekonomikoa aurkeztu beharko du. Azkenik, zentroa ireki ahal izateko, ANECAk edo autonomia-agentziak ebaluazio positiboa eman beharko du.

Diana Morant hezkuntza ministrok aipatu du “errege dekretu honek Gobernuak unibertsitate-sistemaren kalitatea, ekitatea eta prestigioa defendatzeko duen konpromisoari erantzuten dio”, Espainiako Estatuan dauden unibertsitateen “bikaintasuna” mantentzeko askoarekin.