argia.eus
INPRIMATU
Olarizuko etxeen desalojoa astearterako iragarria du Gasteizko Udalak
  • Ostiralean jakinarazi zien Poliziak Olarizuko bizilagunei ekainaren 8a arte dutela etxe okupatuak beren borondatez uzteko. Olarizuko bizilagunek eta bazterkeriaren aurkako mugimenduek salatu dute ez zaiela alternatibarik eskaini.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2021eko ekainaren 08a
Ostiralean Udaltzaingoak jakinarazi zien etxeak uzteko agindua bizilagunei. Argazkia: vitoria-gasteiz.org

Ostiral goizean Gorka Urtaran alkateak berak jakinarazi zuen berria Twitter bidez: "Esana eta egina. Olarizuko legez kanpoko okupei jakinarazten ari gara auzoa berehala hustuko dugula. Egun gutxi batzuetako kontua da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko". Udaltzaingoak bizilagunei jakinarazi zien astelehenera arteko epea dutela etxeak beren borondatez uzteko, eta hori egin ezean indarrez desalojatuko dituztela. Udalak bide judizialari ekin zion iazko urtearen amaiera aldera, eta epaitegiek etxeak hutsarazteko baimena eman diote azkenik.

Bizilagunek eta Gasteizko Bazterkeriaren aurkako mugimenduek gogor kritikatu dute udalaren jarrera. Etxebizitza eskubidea bermatzea eskatu dute bizilagunek hainbat aldiz, eta bertan bizi diren pertsonei alternatiba kolektibo bat ematea. Azaroan 35 alegazio aurkeztu zituzten udalaren asmoen aurka. Urtaranek behin eta berriz errepikatu du Olarizuko bizilagunak okupatutako etxeak utzi eta udalaren oinarrizko gizarte zerbitzuetara jo behar dutela, baina bizilagunetako asko aspalditik daude kontaktuan zerbitzu horiekin, eta ez diete beste bizitokirik eskaini errekurtsoak gainezka daudela argudiatuta.

Bazterkeria eta kriminalizazioa

Azken urteetan dozenaka pertsonak okupatu du Olarizuko udal-etxebizitza abandonatuetakoren bat, ehun bizilagun baino gehiago izatera ailegatu dira. Bazterkeria egoera larrian daude gehienak, tartean familia osoak eta haurrak, eta udalak presio kanpaina abiatu zuen beren aurka: ura eta argia moztu, kriminaliazioa adierazpenen eta zenbait hedabideren bitartez, Poliziaren presentzia itogarria... Presio horien ondorioz pertsona eta familia ugarik alde egin dute Olarizutik dagoeneko, baina oraindik ere 25 etxebizitzetan pertsonak bizi dira, udalaren arabera.