argia.eus
INPRIMATU
Okzitanieraren aldeko gose grebaren emaitza: hizkuntzaren erakundea abian
  • Okzitanieraren Erakunde Publikoa (OEP) sortu dute Akitaniak eta Midi-Pirinioek, Frantziako Estatuaren onespenarekin. Kazeta.eusek bildu duenez, erakundearen xedea okzitaniera garatu eta zaintzea izango da. Egoitza nagusia Tolosan izango du.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 18a
David Grosclaudek astebeteko baraualdia egin zuen gobernu zentralak OEP sortzea onets zezan.

OEP eratzeko hainbat tirabira izan dira estatuaren eta eskualdeko hautetsien artean. 2014ko ekainean Interes Publikoko talde baten bidez aipatu erakundea sortzea erabaki zuten Akitaniako asanbladan, baina hasiera hartan gobernu zentralak entzungor egin, eta ez zuen aurrerapausorik eman. 

Hori ikusirik, Akitaniako kontseilari eta hizkuntzen ordezkari David Grosclaudek gose grebari ekin zion aurtengo maiatzean, Frantziako Gobernuari erabakia berrets zezan eskatzeko. Honek salatu zuenez, estatua okzitanierarekiko “mespretxuzko jarrera” ari zen izaten.

Grosclauderen jarrera giltzarria izan da OEP sortzeko, gose greba amaitu ostean Fleur Pellerin eta Najat Vallaud-Belkacem ministroak erakundea sortzearen alde agertu, eta azkenean estatuak berak onetsi baitu.

Erakundeko lehendakariordea izango da Grosclaude. Honekin batera Midi-Pirinioko eskualdeko kontseilari eta okzitaniera ordezkari Guilhem Latrubesse arituko da. Hélène Bernard Akademiako errektoreak, bere aldetik,  Estatua ordezkatuko du.

Agiri bidez azaldu dutenez, zuzendaria hautatzeko prozesuari ekin diote, eta 2015eko programen aurrekontua aurki adostuko dute.