Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten herrialdeentzat.
Interneteko web, plataforma eta bestelakoetan sartzeko mugak erraz gainditzen dituzte gazteek, eta hori da Australiako Gobernuak urte amaierarekin batera indarrean sartu nahi duen lege berriaren oztopo nagusietakoa: 16 urtez azpikoei debekatzea sare sozialak erabiltzea. Entsegu teknologikoa eskatu dio enpresa bati, 60 alternatiba inguru probatu dituzte eta ondorioa eskuetan du gobernuak: erabiltzailearen adina egiaztatu ahal izatea teknikoki bideragarria da.
Horretarako, hainbat teknika uztartzea proposatzen du entseguak, hala nola aurpegi-balioztatzeak (aurpegiak identifikatzeko %85eko eraginkortasuna lortu du erabili duten softwareak), guraso-kontrolak, jaiotze daten egiaztatzea eta erabiltzailea sartu den beste plataformetako datuak gurutzatzea.
Australiako lege berriaz idatzi genuen ARGIAn. Nahiz eta batzuek dioten debekua ez, heziketa digitala dela bidea, sare sozial guztiek onartua dute beren funtzio eta dinamiketako batzuk desegokiak direla adin txikikoentzat. Haur eta gazteengan sortzen duten menpekotasunaz, oraindik guztiz heldu gabe dauden garunetan duten eraginaz, osasun mentalean duten inpaktuaz, ziberjazarpenaren arriskuaz, eduki desegokiak ikusteaz… gero eta gehiago hitz egiten da. Horren lekuko, lehenengo mugikorra seme-alabei emateko adina atzeratu nahian (eta gero eta espazio gehiago mugikorretatik aske diren arnasgune bihurtu asmoz) indar handia hartu duen mugimendua.
Aditu asko dira muga 16 urteetan jartzen dutenak, teknologia hauek erabiltzen hasi ahal izateko.
Sare sozial guztiek onartua dute beren funtzio eta dinamiketako batzuk desegokiak direla adin txikikoentzat
Eta Euskal Herrian?
Gero eta gehiago dira sareko eduki desegokiei muga jarri nahian ari diren herrialdeak. Frantziako Gobernuak proposatua du gutxieneko adina 15 urtetan jartzea, eta Espainiakoak, berriz, 16 urtetan. Bi kasuetan, gurasoen baimenarekin sartu ahalko lirateke adin txikikoak.
Ildo horretan, 11 estatuk (Frantzia eta Espainia tartean) Europako Batzordeari eskatu diote nahitaezko adin egiaztapena gehitu dezala adin txikikoak sare sozialetan aritu ahal izateko. Australiako eredua aurrekari izan daiteke, bide horretan.
Behin adina egiaztatzeko sistema fidagarri bat jarrita, Europar Batasuneko estatu bakoitza litzateke gutxieneko adina erabakiko lukeena.