argia.eus
INPRIMATU
Nicolas Sarkozy asteartean sartuko da espetxean
  • Frantziako presidente ohiak La Santé espetxera joan beharko du hilaren 21ean. Frantziako presidentetzarako 2007ko kanpaina finantzatzeko Muammar Gaddafi Libiako diktadore zenarengandik milioiak jaso izanagatik zigortu zuten irailean. Astelehenean heldu zaio espetxeratzeko jakinarazpena.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 14a

Sarkozy, 2007 eta 2012 artean Frantziako eskuineko presidentea izan zena, gaizkile elkarte baten parte izateagatik zigortu zuten bost kartzela urterekin joan den hilean. Gainera, bost urtez ezingo du hauteskundeetara aurkeztu eta 100.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Espetxeratzeko jakinarazpenaren zain zegoen, atzora arte. Estatuko fiskalekin bildu da astelehenean eta jakinarazi diote urriaren 21ean Paris hegoaldeko La Santé presondegiko sarreran agertu behar duela bere epaia hasteko. Ondorioz, kartzelara joango den gerraosteko lehen buruzagi frantziarra eta Europar Batasuneko lehen buruzagi ohia izango da.

Epaiketan, Sarkozyk hauteskunde kanpainan Libiako funtsak bilatzeko konspirazio kriminal batean parte hartu izana ukatu eta zigorraren aurka apelazioa aurkeztu zuen. Epaiketa berri bat espero da sei hilabete barru. Baina epaiaren izaerak dakar bere apelazio-prozesua garatzen den bitartean kartzelara joan beharra. Sarkozyk bere ziega propioa izatea espero da, egunean ordubeteko ariketarekin eta astean hiru bisitarekin. Gainera, baliteke Sarkozy preso zaurgarrientzako konpartimentu berezi batean egotea, batzuek VIP deitzen dutena, The Guardianen arabera.