argia.eus
INPRIMATU
Nerabeen iritziz, helduak mugikorrari “engantxatuta” daude
  • Seme-alabei lehen mugikorra noiz eta nola eman askoren eztabaida den garaiotan, nerabeek eurek badute zeresana: helduak "izugarri engantxatuta daude mugikorrari", diote, eta hori ikusirik, ulertzen dutela "haurrak babestu nahi izatea". Helduok egiten dugun mugikorraren erabilera aztertzetik hasi beharko genukeela, alegia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko azaroaren 22a
Nerabeei galdetuz gero, ez dute uste pantailak gehiegi erabiltzen dituztenik, gurasoek haiek adina erabiltzen dituztelako. Argazkia: Freepik

Telmo Lazkano irakasleak mugikorraren inguruan egin dituen lanketetan nerabeengandik jaso duen iritzia da aurrekoa; eskaera ere egin dute ikasleek: helduek eredu izan behar luketela, ahal den neurrian. Lazkanok parte hartu du Nerabeek mugikorra izate bidean laguntzeko helduentzako gidan, eta bertan jaso dute nerabeen ikuspuntua.

Bai gida horretan, bai mugikorraren gaia haur eta gazteekin nola landu jorratzen denetan, ideia errepikakorra izan ohi da: lehenik, helduok egiten dugun erabileraz gogoetatzea eta autokontrola praktikatzea dagokigu, guretzat egiten dugun mugikorraren erabileraren inguruan, baina baita haurrak aurrean direla eta haurrentzat egiten dugun mugikorraren erabileraren inguruan ere.

"Ezinezkoa da pantailen erabilera egoki eta kontzientean heztea, helduek ez badiote beren buruari aplikatzen"

Hego Euskal Herriko ikasleekin joan den ikasturtean 1.500 saio baino gehiago egin zituzten macsonrisas-eko hezitzaile digitalek, eta ondorioen artean diote 12 urte inguru betetzean, Lehen Hezkuntzatik Bigarrenera salto egin eta pantailak erabiltzen emandako denbora esponentzialki handitzen dela. Ikasleei galdetuz gero, baina, ez dute uste pantailak gehiegi erabiltzen dituztenik, gurasoek haiek adina erabiltzen dituztelako. Helduei kritika egiten diete hezitzaile digitalek: gurasoek, jabetu gabe, gehiegizko pantaila kontsumoa bultzatzen dute seme-alabengan, beraiek ere pantailak asko kontsumitzen dituztelako eta ez dizkietelako txikitatik mugak eta arauak jarri mundu digitalean. Eredu diren heinean, "ezinezkoa da pantailen erabilera egoki eta kontzientean heztea, helduek ez badiote beren buruari aplikatzen".

Sare sozialetan biral bilakatu den bideo batean, aita batek erakusten du semearen erreakzioa aita mugikorrarekin dagoenean, eta mugikorrik gabe dagoenean. Bideoaren harira, hala dio Angel Erro idazleak: "Gurasoek jotzen dute beren seme-alabei (internetdun) sakelakoa ekartzen dien kaltea (pornoa ari zaizkigu umeak hezten!) salatzera (ez diezaiegun 16 urte bete arte sakelakoa erabiltzen utz), ezikusia eginez haiek egiten duten eguneroko erabilpenari, baita umeak distraitzeko ere".

 

 

 

Asko zabaldu den bideo batean, aita batek erakusten du semearen erreakzioa aita mugikorrarekin dagoenean, eta mugikorrik gabe dagoenean.