argia.eus
INPRIMATU
NBE: “Espainia behartuta dago kargu frankistak estraditatzera”
  • NBEren Giza Eskubideen Goi Komisioak komunikatua atera du Espainiako Gobernuak erregimen frankistako hamazazpi akusatu estraditatzeari ezezkoa eman eta gero, Argentinako justiziak eskatu bezala.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 30
Estradizioa ukatuz “biktimak eta euren familiak babesik gabe” uzten direla adierazi dute adituek. (Argazkia: galde.eu).

Espainiako Estatua “Giza Eskubideen urraketa larrien arduradunak estraditatzera behartuta dago, Espainiako instantzia legalek biktimen egia eta justizia eskubideak bermatzeko neurriak hartzen ez dituzten bitartean” NBEko adituek aditzera eman dutenez. Estradizioa ukatuz “biktimak eta euren familiak babesik gabe” uzten direla ere adierazi dute.

Maria Servini epaile argentinarrak diktadurako krimenak argitzeko martxan daukan prozeduraren baitan frankismoko hainbat karguren estradizio eskaerari ezezkoa eman zion Espainiako Gobernuak. Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak azaldu zuenez, 1977ko Amnistia Legean oinarrituta ustezko delituak "iraungita" daude.

Adituek azaldu dute Espainiako Estatuaren konpetentzia dela estradizio eskaera horiek ukatzea baina horren aurka argudiatu dute, “Gizateriaren aurkako krimenak eta tortura delituak iraungiezinak” direla.

Ez da lehen aldia NBEk Espainiako Estatuaren erabakiak zalantzan jartzen dituena. Urko Apaolazak blogean idatzi zuenaren arabera, Nazio Batuen errelatoreak, Pablo de Greiffek, txosten oso gogorra  argitaratu du Espainiako Gobernuaren kontra, gerra zibileko eta frankismoko krimenak ikertu nahiz erreparatzeko ezer gutxi egiten duelako.