Israelgo Estatu sortu berriak Palestinaren %80 inguru indarrez okupatu zuenetik 77 urte igaro direla, Gazaren aurkako erasoetan 74 lagun hil ditu Tel Avivek asteazkenetik ostegunera bitartean. Hildakoen artean Hassan Samour kazetaria dago, 2023ko urriaz geroztik Israelek hil duen 230. kazetaria. Asteartean Hassan Aslih fotokazetari ezaguna ere hil du Israelek.
Nakbaren 77. urteurrena betetzen da ostegunean: 1948an, sortu berri zen Israelgo Estatuak Palestinaren %80 inguru okupatu zuen indarrez, eta ondorioz 800.000 palestinarrek euren etxeetatik alde egin behar izan zuten. Bada, egun gauzak ez dira aldatu palestinarrentzat, Gazaren aurka eginiko erasoetan 74 lagun hil baititu Israelek asteazkenetik ostegunera bitartean. Hassan Samour kazetaria sionistek bera eta bere familia bizi ziren etxeari eraso egin ostean hil da, Khan Younis ekialdean. Horrela, 53.000 palestinar inguru dira 2023ko urriaz geroztik hildakoak.
Nasser ospitaleko medikuen arabera, hildakoen artean haur ugari daude, gehienak Khan Younis hiriko etxebizitza gune handi baten aurkako bonbardaketen ondorioz. Urtarrilean Hamasekin Gazarako su-etena sinatu bazuen ere, bi hilabete beranduago Israelek menia hautsi eta egun bakarrean gutxienez 400 palestinar hil zituen. Egun horretan, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk adierazi zuen militarrei "neurri sendoak" hartzeko agindu ziela: "Hemendik aurrera, Israelek indar militarra areagotuko du Hamasen aurka egiteko".
Iragan astean Gazaren aurkako lurreko erasoaldia gogortzeko plana onartu zuen Israelgo Gobernuak. Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, plan horrek Gazaren erabateko okupazioa izango luke xede, "Hamasek bahituta dauzkan israeldarrak askatzeko eta talde armatua garaitzeko" helburuarekin. Plana aurrera eramateko Israelgo armadak milaka erreserbista mobilizatu ditu.
Kazetariak ere ez daude salbu
Samour ez da izan Israelek azken egunetan hil duen kazetari bakarra: Hassan Aslih fotokazetari ezagunak hilabete zeraman Gaza hegoaldean dagoen Nasser ospitalean ingresatuta, Israelen bonbardaketa batek eragindako zauriengatik artatua izaten. Hilabete beranduago, asteartean, Tel Aviven drone eraso batek ospitale hori izan zuen jopuntu, baita Aslihren bizitza ere. Erasoan beste pertsona bat hil eta hamabi zauritu zituzten. Brown Unibertsitateko Watson Institutuaren arabera, Israelek gutxienez 230 kazetari hil ditu 2023ko urrian Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik.
Israelgo Defentsa Indarrek fotokazetariaren hilketa justifikatu zuten, 2023ko urriaren 7an Palestinako erresistentziak egin zuen erasoan parte hartzea egotzita: "Kazetari baten itxura badu ere, Hamasek Khan Younisen duen brigadaren kidea da. Urriaren 7an, Israelgo lurretan sartu zen eta Hamasek eginiko sarraskian parte hartu zuen". Haatik, Ismail al-Thawabta Gazako Gobernuko Hedabideen Bulegoko bozeramailearen arabera, Aslihren aurkako akusazioak gezurrak dira, Israelek kazetarien hilketak justifikatzeko asmatzen dituenak.