Hamasei urtetik gorako 871 mutrikuarrek parte hartu dute herri galdeketan. Portuko dikea ez luzatzearen aldeko boza 819 lagunek eman dute, eta aldekoa 45ek.
"Berandu, alperrik edota eskumen ezaren aitzakiei entzungor eginez, hamasei urtetik gorako herritarrei Dikea luzatzearen alde al zaude? Bai ala ez galderari erantzuteko aukera eskaini diegu asteburuan", adierazi du Danborzaleak mugimenduak. "Hamabost urtez geldirik egon eta gero, Eusko Jaurlaritzak irailean babes-dikearen luzatze lanak berrabiaratuko zituela jakin genuen. Hala, duela ia bi hamarkada egindako aldarria berreskuratu eta orduko hartan burutzerik izan ez genuen herri-galdeketa abiatzeko lanari ekin genion. Harro gaude ariketa demokratiko eta osasuntsu hau bideratu izanaz, neurri honetako erabaki estrategikoetan herritarrok hitza izan behar dugula uste baitugu".
Bozketaren emaitzak:
- Parte hartzea: 871 herritar.
- Dikea luzatzearen aldeko botoak: 45
- Dikea ez luzatzearen aldeko botoak: 819
- Boto zuriak: 4
- Boto baliogabeak: 3
- Abstentzioa: %81,9
Kontaketa lanetan Danborzaleakeko kideez gain EH Bildu, PSE-EE eta B+I alderdietako ordezkariak aritu dira. "Gauzak horrela, bidelagun izan ditugunei eta bozka ematera bertaratu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu", dio Danborzaleak kolektiboak. "Honez gain, emaitza Eusko Jaurlitzara bideratzeko hartu zuen konpromisoa betetzeko eskatzen diogu udalari, herriaren ahotsa entzun eta errespetatu dadin".