argia.eus
INPRIMATU
'Musikariak ikastetxeetan': Hezkuntza Departamentuak kendu zuena Euskarabideak finantzatuko du
  • 2023-24 ikasturtetik aurrera Euskarabideak kudeatuko du ‘Musikariak ikastetxeetan’ hezkuntza programa, euskal musika Foru Erkidegoko ikastetxeetara hurbiltzen jarraitzeko.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 30a
Musikariak ikastetxeetan programa 2018an hasi zen. (Argazkia: Euskalerria Irratia)

Ekainaren 23an Nafarroako Hezkuntza Departamentuak A eta D ereduetan euskal musika sortzaileen berri ematen duen programa bertan behera uzten zuela jakinarazi zien egitasmoaren kudeatzaileei. Erabakiak kritika handiak jaso ditu hezkuntzako sindikatuen eta beste eragile askoren aldetik, eta ostiral goizean bertan Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du programak aurrera jarraituko duela, baina aurrerantzean Euskarabideak kudeatuko duela.

Departamentuaren esanetan, "Euskara Atalak horrela lehentasun berriei erantzun ahal izango die, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiaren curriculumari estuago lotuta daudenak, hala nola ahozko eta idatzizko ulermena eta adierazpena euskaraz lantzea eta indartzea. Ekimen horren berri eman zaie gaur goizean programan parte hartu duten ikastetxe guztiei".

Hezkuntzaren esanetan, euskara sustatzeari dagozkion diru baliabideak orain Solaskide eta berria den Mintza Jolasak programetara bideratuko ditu, eta horien bidez "ahozko eta idatzizko ulermena eta adierazpena indartzeko aukera emango da".

Musika programan parte hartu duten eragileek poza agertu dute, baina, aldi berean, sare sozialetan salatu da programa hori PSNk bideratzen duen Hezkuntza Departamentuak bultzatu beharko lukeela eta ez euskararen sustatzeaz arduratzen den Euskarabideak.