Maite Arroitajauregi "Mursego" arduratu da 2024ko Korrikako kantua egiteaz. Bideoklipa aurreko edizioetako Korrikako irudien bidez osatu dute. "Herri aldarrikapenaren Korrika" izango dela iragarri dute AEK-ko antolatzaileek.
Musika egiteaz arduratu dira, Maite Arroitajauregiz gain, Ibon Rodriguez eta Mikel Intxausti. Bideoklipa Amaia Badiolak zuzendu du.
"Herri aldarrikapenaren Korrika" izateko asmoz sortu dute Harro Herri leloa eta abestia, eta "harro bai, baina ez konforme" mezua zabaldu nahi du AEK-k Euskal Herrian barrena. Hauxe da antolatzaileen mezua:
"Harro herri, euskaraz jakin zein ez, har dezagun
dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta.
Harrotasunez! Konplexuak gainetik kendu,
mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte.
Harro hadi Kantauri itsasoa,
Arabako mahats, Bardeako buztin.
Harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina.
Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin,
espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez,
aldarri egin.
Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz.
Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz.
Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan.
Harro herri, eta harro KORRIKAn!"