argia.eus
INPRIMATU
Amy Goodman, Susan George, Zygmunt Bauman eta Alessandro Baricco Bilbon izango dira uztailaren 5etik 7ra
  • Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin sortutako Euskadi 2012 Fundazioak  Mundua aldatzeko ideiak jardunaldiak antolatu ditu. Bilbon izango dira uztailaren 5etik 7ra. Nazioarteko 18 hizlari bilduko dira eta gizarte garaikideaz hitz egingo dute. Alessandro Baricco idazlea, Germaine Greer feminista, Wassyla Tamzali pentsalaria, Zygmunt Bauman filosofoa eta Amy Goodman kazetaria daude hizlarien artean, besteak beste.

2012ko ekainaren 22a

Baricco idazle italiarra mundu osoan egin zen ezagun Zeta eleberriari esker (Koldo Bigurik itzuli zuen euskarara eta Igela argitaletxeak publikatu). Ramiro Pinilla idazlearen galderei erantzunez, berak hitz egingo du aurrena jardunaldietan, literaturaren eta gizartearen arteko loturan fokua jarriz.

Egun berean Susan George ere Bilbon izango da: ATTAC erakundeko kide esanguratsua da George eta analista politiko ezaguna mundu osoan (haren azken liburuari buruzko artikulua argitaratu zuen ARGIAren 2.238. zenbakian Xabier Letonak).

Atzetik etorriko dira beste hainbat, tartean Amy Goodman, AEBetako Democracy Now! komunikazio talde ezkertiarreko kazetari ezaguna eta Zygmunt Bauman, "modernitate likidoa"-ren ideia zabaldu zuen filosofoa.

Informazio gehiago:

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago eta programa osoa Euskadi 2012 Fundazioaren webgunean ikusgai.