Nola erakarri Davos-eko klasea “new deal” berdera

  • Susan Georgek  90eko hamarkadaren hasierara eramaten nau. Elikadura, ura, merkataritza eta garapen gaiei lotutakoak jorratzen zituen orduan. Gaur egun ere antzera dabil, baina orduko erreferentzia hura autoritate sendoa da egun, bereziki mugimendu altermundialistan. Haien krisiak, gure irtenbideak (“Sus crisis, nuestras soluciones” gaztelaniazko bertsioa irakurri dut nik) da bere azken liburua eta ondorengo lerroetan aletzen dena.
'Haien krisiak, gure irtenbideak'
'Haien krisiak, gure irtenbideak'
Nork esan zuen munduan jadanik ez zela klaserik? Berak argi du, munduko  aberatsak jaun eta jabe izaten jarraitzen dute eta Davos-eko klaseari kritika zorrotza egiten dio liburuan. Hara tesi nagusia: haien aberastasunaren izenean, Davoseko klaseak preso hartu ditu gure planeta eta bere bizilagun gehienak eta, klima  aldaketa medio,  hondamendira garamatza. Zentzuzko lurtarron  egin beharra planeta askatzea da, aurrerantzean bertan bizilagunok lasaitasunez eta atseginez bizi gaitezen. Horretarako, kartzela osatzen duten lau harresiak bota behar ditugu, atera eta hasi bestelako mundua eraikitzen.

Ipuin baten hasiera dirudi edo bideo-jokoa, baina irakurleak berehala konektatuko du ondo ulertuko duen errealitatearekin. “Krisia? Krisia esan duzue?” diosku berak, “Tori ba krisia: aukeratzea besterik ez da”: finantzen krisia, pobreziaren krisia, elikadura eta urarena, gerra eta gatazkena… Arazo hauek guztiek iturburu bera dute: “Aktore berdintsuek ohikoan bultzatzen dituzten politika neoliberalak”.

Georgek metafora batekin irudikatzen du munduaren egoera. Egungo neoliberalismo globalak lau esfera zentrokidetan banatzen du mundua, garrantziaren arabera hala sailkatuak: finantzak, ekonomia, gizartea eta planeta. Kapitalismo klasikoan ekonomiak lehentasuna izan duen moduan, azken hamarkadetan finantzek aurrea hartu eta gaur egun mundua gidatzen dute.

2007an AEBetan hasitako finantza krisi orojalearen muinean bizi  garenean,  azalpen gutxi behar da Georgek finantzen esferari ematen dion kokapenaren zergatiez. Hala ere, liburua datuz josia dago, hona finantzen azken krisiaren tamaina hobeto ulertzeko hiruzpalau:  AEBetan, 2001etik 2007ra, finantza leherketa gertatu arte zortzi bilioi dolarreko (6,5 bilioi euro) zorra pilatu zen. Hipoteka bat duen edonorentzat ulergarriago egiteko beste datu bat: 2008an, AEBetan bankuek 3.200.000 etxe bahitu zituzten, hipotekak ordaintzen ez zirelako (2006an 1.200.000 eta 2007an 2.200.000). Akabo milioika estatubatuarren amets amerikarra.

Ezer gutxi aipatu behar da egungo diru murrizketez, denok ditugu gureak: osasunean, enpleguan, hezkuntzan, kulturan, ingurugiroan… edo euskal prentsan. Baina dena uler liteke, batez ere 2009ko udaberriaz Georgek aipatzen duen datua ikusita: munduan 4,1 bilioi euro atera ziren kutxa galduetatik  finantza sistema zutik mantentzeko.

“‘Dena guretzat eta ezer ez gainerakoentzat’, hori izan bide da humanitatearen jabeen arau nagusia historiaren aro desberdinetan”. Davoseko klasea ere horretan ari dela dio autoreak eta honi amaiera emateko lau esferen lehentasunak irauli beharko liratekeela, halako ordena lortuz: planeta, gizartea, ekonomia eta finantzak.

Finantzak ekonomiaren zerbitzura, historian ohikoa izan den eran, eta ekonomia jardun garrantzitsua, baina gizartean bat gehiago. Eta planeta lehenean, bestela bere hondamendiak beste hiru esferak izarren hautsa bilakatuko dituelako. Paragrafoaren hasierako esaldia Marxena izan liteke, ezta? Bada ez, Adam Smith-ena da, liberalismoaren aitapontekoarena (Nazioen Aberastasunaren izaera eta iturriei buruzko saiakera).

Aberatsak berdera erakarri

Preso gauzkaten aipatu lau harresiei buruz eskainitako hausnarketa eta datuek bizi garen munduan ondo kokatzeko behar adinako pista ematen dizkigu liburuak. Ondorioei  buruz, hona berak zinez sinesten duena: krisi bilduma horrek dagoeneko abian jarri du aldaketa klimatikoa eta beronen ondorioak geldiarazteko azkar mugitu behar dugu, oso azkar.  Larritasunetik, esperantzarako dei egiten du: irtenbideak behar ditugu! Baina nola? Bere esanetan, ezin da kapitalismo finantzarioa behar den premiarekin baztertu, mito iraultzailea indartsua da, baina ezin da itxaron iraultzak dena konpondu dezan. Eta orduan?

Norbanakoen irtenbideak ondo daudela dio, bultzatu behar direla, baina ez dela nahikoa. “Gakoaren iltzea zera da, politikariak konbentzitu behar ditugu ikus dezaten eraldaketa ekologikoak izan dezakeela bere onura”.

Aliatuek Bigarren Mundu Gerran irabazteko egin zuten ahaleginaren tankerakoa beharko litzatekeela dio, baina oraingoan new deal berdea bultzatzeko. Irtenbidea ez dela erraza izango, baina bere ustez “enpresa, gobernu eta herritarren batasuna bultzatu eta lortu behar dugu ekonomia keynesiarraren haragiztatze berri bat lortze aldera”. Ingurugiroaren keynesiasismoaz ari da, horrela bakarrik erakarri ahal izango delako kapitala, eta eskema hori langileentzat ere onuragarria delako.

Eraldaketa bide horretan bankuen nazionalizazio edo –berak nahiago duen moduan– sozializazioaz ari da, ekonomia sozialak hartu beharreko garrantziaz, arma produkzioa gutxitu eta industria militarrean metatutako jakintza industria zibilera eramateaz… Dena ingurugiroa babesteko norabidean, eta horretarako ezinbestekoa ikusten du dirua misio berdera bideratu beharra, hor ere dirua egin litekeelako.

John Doerr estatubatuar eta inbertsore aberatsa jartzen du norabide aldaketa honen adibide gisa. Honek diru asko inbertitu zuen puntucom-eko garaian eta hala zioen 2008an Kalifornian emandako hitzaldi batean: “Gogoan al duzue Internet? Teknologia berdea askoz gehiago da… Hau izan liteke XXI. mendeko aukera ekonomikoa (…) Energia merkatu guztien ama da: mundu mailako energia globalak 6 bilioi dolar (4,8 bilioi euro) mugitzen ditu”. Horra Georgek ikusten duen amua.

“Baikorra ala ezkorra zara?” galderari ez ei dio erantzuten liburuaren egileak. “Ez bata eta ez bestea. Ez dut etorkizuna ezagutzen. Baina badut esperantzarik eta sinesten dut (…) idatzi dezaket zerbait eta norbaitengana iritsi; aktore izan naiteke edo beste batzuk inspiratu aktore izan daitezen. Sistema oreka seguruago, berdeago, justuago, humanoago eta zibilizatuagora eraman dezakeen hondar hutsal baina erabakigarria izan naiteke. Eta zuek ere bai”. n

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude