Aurtengo ekainaren 4an, Zubietako erraustegiaren aurkako suizidio saiakera baten berri eman genuen: “Neure buruari bizia kentzea erabaki dut politikari batzuen arduragabekeria kriminala salatzeko”. A. P. siglekin identifikatzen den pertsona horrek gutuna bidali du ARGIAra: “Ez nuen hori egin behar. Hori harroa, berekoia eta kaltegarria da”, adierazi du.
Manexek ez du urte bat bete baina gustuko ditu zuhaitzak. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko lagun baten semea da. Manexen begi urdin argiak ikustean, Gipuzkoa hobeago bat uzteko zerbait egin duten pertsona guztiei barkamenak eskatu behar dizkiedala bururatu zait.
Bere momentuan, eta nire bizitza guztian gaixotasun, porrot, min eta deserosotasunak eramanda, nire bizitzaren kontra ekintza biolento bat egin nuen. Orain, herioren eskuetatik medikuek erreskatatu ondoren, egin nuenaz damu naiz, benetan. Batez ere, bi arrazoi nagusi daukat damutzeko:
Bere momentuan, eta nire bizitza guztian gaixotasun, porrot, min eta deserosotasunak eramanda, nire bizitzaren kontra ekintza biolento bat egin nuen. Orain, herioren eskuetatik medikuek erreskatatu ondoren, egin nuenaz damu naiz, benetan
Borroka kolektibo honetan dagoen hainbat jende, nire egoera pertsonalarekin bide okerra inposatzen ari nintzela konturatu naiz. Ez nuen hori egin behar. Hori harroa, berekoia eta kaltegarria da. Errausketaren Kontrako Mugimendua baketsua eta irudimentsua izan delako mantentzen du bere zilegitasuna betiere, hori da bere indarrik haundiena. Altxor bat bezala zaindu behar du hori burugabekeria eta zentzugabekeriaren kontra burua tente mantentzeko. Arrazoia eta maitasuna bere alde ditu mugimendu horrek.
Zorionez, Manex txikia, gure artera momentu historiko baketsu, bateragarri eta sortzaile batean jaio da, eta etorkizun garbi eta zoriontsua merezi du bere lagun eta familiarekin. Azken hitz hauek idaztean, nire burura datozkit nire familiaren sufrimenduak. Familia perfekturik ez da existitzen, baina gutxienez nirea ez kaltetzea erabaki dut. Beraiek barkatu didate jada, orain lanik handiena nire buruari barkatzea izango da.
Ez dakit gizartearen bigarren aukerarik mereziko dudan. Baino, hemen nago oraindik, egin behar ez denaren adibide naiz. Hori al da akaso nire funtzioa? Ulertzen dut bizkarra ematen eta aurpegia ezkutatzen didan jendea. Mina, atsekabea eta sufrimendua eragin diet. Baino, gustatuko litzaidake pixkanaka beren konfiantza eta laguntasuna berreskuratzea.
Belaunaldi gazteak ahotsa altxatzen eta kalea okupatzen ari dira; politika zaharra, bere programak kolore guztiekin margotu eta garbitu arren, jokoz kanpo geratzen ari da. Manex eta gazte guzti horiek nahi dutenak izateko aukerak eduki behar dituzte. Helduagoei argi eta garbi aipatzen digute nolako Lurra nahi duten. Manexentzat eta guztiontzat mundu justuago eta bizitzeko atseginagoa lortzeko nire ekarpen txikia ematea espero dut.