argia.eus
INPRIMATU
Quim Arrufat: “Mugimendu kurdua ez dago gerran baina, 1999az geroztik ezkutuko biolentzia egoeran bizi da”
Josu Urtubia @otxua 2013ko urtarrilaren 11
Quim Arrufat Cup alderdiko diputatua. (Irudia: vilaweb.cat)

Hilketari buruz, Turkiak adierazi du kurduen arteko barne-liskarren ondorioa izan litekeela. Arrufatek hipotesi hori baztertu du: “Bere burua errugabetzat jotzeko eta ardura gainetik kentzeko aitzakia merkea da hori. Kurduen komunikazio arduradunekin hitz egin dut eta ez dute garbi nor izan den. Turkiako lehen ministroak egindako hipotesia, begiradak beste nonbaitera bideratzeko estrategia dela iruditzen zait”. Gertakaria argitzea lehenetsi du CUPeko kideak: “Nor izan den jakin behar dugu”.

Turkiako gobernuak eta ordezkari kurduen hasi duten elkarrizketa prozesuaren gainean galdetuta, Arrufatek adierazi du “bake prozesua beharrean, ‘prozesu desastrea’ izena" eman beharko litzaiokeela negoziazioari. “Elkarrizketak etenda daude eta azken hamar urteetan ez bezala Turkiak Kurduen gainean egiten duen presioa geroz eta handiagoa da. Ez du zentzurik bideratu gabe dagoen elkarrizketa eteteko intentzioz egitea hiru hilketa hauek”. Parisen espero zuena baino amorru eta ernegu gutxiago topatu duela adierazi du, “jendea burumakur eta negarrez ikusi dut. Lasaitasuna eta isiltasuna dira nagusi momentuotan”.

“Mugimendu kurdua ez dago gerran baina, 1999az geroztik ezkutuko biolentzia egoeran bizi da. Gaur egun, mugimendu kurduak 100 bat udal gobernatzen ditu, horien artean Turkiako Kurdistango hiri gehienak. Gainera, 35 diputatu dituzte Turkiako parlamentuan. Momentuotan mugimendu kurduak herrialdearen gehiengoaren babesa du”. Gauzak horrela, Turkiak alkate eta parlamentuko diputatu kurduak kartzelaratzeari ekin dio, 1990eko hamarkadan bezala, Arrufatek dioenez.