Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuaren katalanezko edizioa prestatzen ari da Pol•len edicions argitaletxea. Ainara Munt Ojanguren arduratuko da saiakera itzultzeaz eta Verkami webgunearen bidez finantzatu nahi dute. 2.000 euro lortu nahi ditu argitaletxeak edizioa finantzatzeko (oraingoz 160 lortu ditu).
Gainera, liburua sustatzeko laguntzaile taldea antolatu dute. Besteak beste Antoni Batista kazetaria, Joan Buades ikerlari eta idazlea edo Aida I. de Prada soziologoaren ekarpenak irakur daitezke talde horrek argitaletxearen webgunean daukan atarian.
Nahi duenak 20 euroren truke eska dezake jada. Dirua aurreratzen duten pertsonek liburua argitaratu eta berehala jasoko dute; euren izenak ere agertuko dira katalanezko edizioan, eskerrak emateko gordetako orrialdean. Pol•len argitaletxeak azaldu duenez, Pamielarekin elkarlanean argitaratuko da lana.
Informazio gehiago:
Moroak gara behelaino artean? argitaratu ondoren, ARGIArekin hitz egin zuen Joseba Sarrionandiak. "Zalantzan ipini nahi dut normalizazioaren ideia" (2010-12-26).
Joseba Sarrionandiak irabazi du saiakera arloko Euskadi Saria. (2011-10-03).
Euskadi Saria irabazi zuela iragartzearekin batera, Jaurlaritzak zegokion dirua atxikiko zuela ere esan zuen. Erabaki horren harira hainbat artikulu argitaratu ziren ARGIAn:
- Sarrionandiaren (literaturaren) alde (Beñat Sarasola, 2011-10-23).
- Euskadi Sarietako lokatzetatik, ondorio batzuk (Gorka Bereziartua, 2011-12-04)
Sarrionandiak berak hitz egin zuen Euskadi Sarietako polemikaren inguruan: Literatura eta gobernua (2011-11-28).
Azkenik Jaurlaritzak atzera egin zuen: Euskadi Saria bere osotasunean emango dio Jaurlaritzak Sarrionandiari (2011-11-23).