argia.eus
INPRIMATU
Milaka pertsona Palestinaren alde Zinemaldian eta Donostiako kaleetan
  • Asteazken arratsaldean Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako aldarriak hartu du Donostia. The voice of Hind Rajab filmaren emanaldia izan da lehenik Zinemaldian, ikusleen txalo zaparrada artean, eta ondoren manifestazio jendetsu batek zeharkatu ditu hiriko kaleak.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 25
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

The voice of Hind Rajab filmak Hind Rajab sei urteko neskato gazatarraren hilketa du ardatz. Familiarekin ihesean ibilgailu batean zihoala Israelgo armadak eraso egin zion haien ibilgailuari, eta bertan harrapatuta geratu zen. “Kotxe bete pertsonatik, bera bakarrik dago bizirik, eta Palestinako Ilargi Gorrira egindako deia da, bere horretan, pelikula”, azaldu du filmaren kronikan Maria Ortega kazetariak. “Sei urteko ume baten ahotsak, bere soiltasunean, palestinarrek bizi duten genozidioa eta apartheida ekarri ditu pantaila handira, eta lortu du zenbakiak [azken bi urteotan 68.000tik gora hildako gazatarrak] gorpuztea. Berba gehiagoren faltan, lazgarria da pelikula”.

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Palestinaren aldeko oihuak egin dituzte ikusleek, eta eitb-k zehaztu duenez, amaitutakoan zazpi minutuz egin diote txalo filmaren lantaldeari. Hain zuzen ere, emanaldia amaitu eta filmaren lantaldea Okendo plazara heldu denean hasi da genozidioaren aurkako manifestazio jendetsua, besteak beste zinema munduak ere babestu duena. Pankarta eraman dutenen artean, Motaz Malhees eta Saja Kilani filmeko protagonistak.

Hemen ikusi daiteke The voice of Hind Rajab emanaldi osteko eta manifestaldiko argazki galeria Dani Blanco argazkilariaren eskutik.

Milaka pertsona Okendotik Bulebarrera

Manifestazioaren buruan Palestinako bandera erraldoia eraman dute, Genozidioa stop zioen pankartaren aurrean. Atzean, milaka pertsona, tartean zinema munduko pertsona ezagun ugarirekin.

Mobilizazioa komunitate palestinarrak deitu du, eta babesa eman diote Palestina-Euskal Herria Elkartasun Komiteek, BDZk, Gernika Palestina ekimenak, Euskal Aktoreen Batasunak edo Cinema with Palestine plataformak. Bulebarrean, manifestazioaren amaieran, hainbat hitzartze izan dira, eta Sold Band taldearen musika edo Maialen Lujanbio eta Amets Arzalluen bertsoak ere.

“Mundu osoak boikotatu eta isolatu behar du Israelen] okupazioa. Berea ez den lur bat lapurtzen ari da eta mende bat baino gehiago darama odola isurtzen. Planetan ez dago lekurik okupatzaileentzat, ez inbaditzaileentzat, ez hiltzaileentzat. Palestinak bizitza, justizia eta bakea behar ditu”, adierazi dute Mohmamed Farajallah Euskal Herrian bizi den palestinarrak eta Rahaf Samani Gazako Sol Band musika taldeko kideak.

Zinema munduko hainbat elkartez gain, 500 pertsonak ere eman diote babesa manifestazioari, eta haien izenean komunikatua irakurri dute Itziar Atienza, Mireia Gabilondo, Mikel Laskurain eta Jon Olivaresek, eta gazteleraz Arturo Valls, Julio Medem, Isaki Lacuesta, Nerea Barros eta Daniela Fejermanek. Hind Jajab haurraren hilketa ez dela “salbuespena” salatu dute: “Tragedia kolektibo baten aurpegia da: erauzitako milaka bizitza palestinar, hondakin bihurtutako etxeak, galerak eta erbesteak markatutako belaunaldiak. Israelen okupazioaren, indarkeriaren eta nazioarteko isiltasunaren mende dagoen herri baten oihartzuna da”.

Instituzioak eta CAF

Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari exijitu diote Israel “presionatu” dezatela, genozidioa gelditu eta “lapurtutako lurrak” bueltatu ditzan. Eskatu dute ere Israelekin arma salmentak etetea, eta “euskal enpresa batzuek genozidioarekin duten konplizitatea salatzea”, CAF propio aipatuta.

CAF NBEren zerrenda beltzean sartu dute, Jerusalem eta Israelen legez kanpoko asentamenduak lotuko dituzten trenbideak egiteagatik lotsarik gabe eraikitzeagatik, jada 14.000 palestinar baino gehiago kanporatu dituztenak”, salatu dute. CAFeko zuzendaritza eta enpresaren akzioean %3 dituen Jaurlaritza kritikatu dute, eta exijitu diete entzutea “CAF, jaitsi apartheid trenetik! oihukatzen dugun milaka pertsona eta erakunderen ahotsak”.