Milaka lagun batu dira Miarritzeko aretoan, laborantza herrikoiaren azokaren baitan. Klima aldaketaren erronkari begira jarri dira hiru egunez, sustatzen dabiltzan nekazaritza eredua aterabideen artean kokatuz.
Apairu, hitzaldi, merkatu zein baserriko abereen erakusketak, animazio guztietan egon da jende anitz. Aurten ere, balorapen baikorra egin dute antolatzaileek.
Klima aldaketaren erronkari begira jarri dira hiru egunez, sustatzen dabiltzan nekazaritza eredua aterabideen artean kokatuz. Arazo ekologikoaren oinarrian eredu ekonomiko liberal eta kapitalista dagoela argi ukanik, alternatiben biderkatzeko deia luzatzen aritu da Lurrama elkarteko lehendakaria, hasierako hitzartzetik haste: "Kontzientziak pitzaraz ditzala Lurramak, erabaki ausartak hartzeko indarra eta hauen gauzapenerako indarra emanez". Ondoan ukan du Valérie Masson Delmotte Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko lehendakarietako bat. Hau ere dabilela mezu bera zabaltzen: “Gure jakintzak plazaratzen ari gara, baina otoi jakintza horiek ekintzetara bideratzen lagundu behar gaituzue, denbora kontatua dugulako” deia luzatu die Masson Delmottek bertaratuei.
Funtsean, Didier Guillaume Frantziako Laborantza ministroaren bisita baliatu dute laborantza herrikoia lagunduko eta sustatuko duten neurri politikoen eskatzeko. Horrez gain, Laborantza eta Elikadurarako Egitura Publikoa sortzeko beharra ere azaldu diote.
Antolaketan arituriko 960 laguntzaileak eskertu ditu Lurrama elkarteak.