argia.eus
INPRIMATU
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek
  • Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 07a
2018an aske geratu zenean ongi etorria (arg.: Ernai)

Mikel Barrios (Iruñea, 1988) 5 urteko kartzelara kondenatu du Parisko Dei Auzitegiak, oraindik erabakiaren arrazoiak ezagutarazi ez dituen arren. Ekainean Zigor Auzitegiak ezarritako zigor bera berretsi du, beraz, Parisek. Zigor horri helegitea jarri zion Barriosen defentsako abokatuak, eta azaroan aztertu zuten, baina prokuradorea gogor agertu zen zigorra arintzearen kontra. Hala, epaileak ostegun honetan eman du azken deliberazioaren berri.

Barrios 2017an atxilotu zuten Berlinen, Frantziako justiziak bere kontrako Euroagindua eman ondoren, "erakunde kriminaleko kide" izatea leporatuta. ETAren desarmean eta gatazkaren konponbidean egindako lanaren aurrean begiak ixtea egotzi diote Ipar Euskal Herriko bakearen aldeko eragileek frantziar estatuari. Barrios Itsasun biziizan da eta bertan lan egin izan du aspaldion.

Urtebetez eduki zuten espetxean eta baldintzapean irten zen kalera 2018an, pultsera telematikoarekin. Joan den ekainean berriz kartzelan sartu zuten, Zigor Auzitegiaren epaiaren ondorioz, baina urrian berriz aske utzi zuten, kontrol judizialpean. "Giza ikuspegi batetik eta testuinguru sozial eta politikotik ulertezina da Mikel Barriosi ezarri dioten zigor gogorra", azaldu du Xantiana Cachenault bere abokatuak, Kazeta.eus-ek jaso duenez.

Izan ere, bost urteko kartzela zigorraz gain, Fijaut fitxategian sartuko dute, baina nolanahi ere, ez diote hamar urtez Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarriko. Ostegunean 18:30etan elkarretaratzea egingo dute Itsasun, Dei Auzitegiaren erabakia deitoratu eta Barriosi babesa emateko.