argia.eus
INPRIMATU
'Marshall planaren' letra txikia
  • Europar Batasuneko herrialdeek adostutako funtsaren letra txikia irakurri behar da, eta ez da oso bizkorra izan behar murrizketa sozial handiak aurreikusteko. Funts hori gehiengo sozialaren eta langileen zerbitzura jartzea izango da hurrengo erronka handia.

Juan Mari Arregi 2020ko uztailaren 23a
Estatuburuak Bruselan (arg.: Europar Batasuna)

Bost eguneko negoziazio gogor eta ilunen ondoren, Europar Batasunak akordioa lortu du, eta, Espainiako Estatuko presidentearen hitzetan, benetako "Marshall Plana" omen da. Pandemiaren krisia arintzeko funtsak 750.000 milioi euro izango ditu, horietatik 390.000 milioi diru-laguntzetan eta gainontzekoa kredituetan. Espainiako Estatuak –eta Hego Euskal Herriak, dagokion zatian– 140.000 milioi euro jasoko ditu sei urtean, horietatik 72.700 subsidiotan eta gainerakoak kredituetan.

Horiek dira zifra nagusiak, eta horixe da akordioari  buruz jakin duguna, hasierako asmoa bilioi bat eurora iristea eta diru-laguntzetarako zati handiago bat bideratzea bazen ere. Batzuk eta besteak, bai "xuhurren taldea" deituriko iparraldeko herrialdeak, nola hegoaldekoak, pozik daudela diote. Garrantzitsuena, ordea, akordio horien letra txikia ezagutzea da. Eta ez da oso bizkorra izan behar murrizketa sozial handiak aurreikusteko gastu ekonomiko horren truke.

Mark Rutte holandarra buru duten xuhurrek argi utzi zuten: dirua bai, baina baldintza askorekin. Espainiako Estatuaren kasuan lan-erreforman sakontzea, gogortzea, eta pentsioen erreforma egitea, ez hobetzeko, baizik eta xuhurrek daramaten harrapaketara egokitzeko, herrialde horiek paradisu fiskalak baitira. Eta konpromisoa –letra txiki hori– betetzen den ala ez "zainduko" dutela esan dute.

Beraz, Hego Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko langile, pentsiodun, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdi politiko ezkertiarrak erronka handi baten aurrean daude: funts hori gehiengo sozialaren eta langileen zerbitzura egongo den ekonomia berde eta solidarioa berreraikitzeko erabiltzea.