argia.eus
INPRIMATU
Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak
  • Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela argudiatuta, baina auzitegiak ukatu egin ditu argudio horiek. Epaiaren arabera, Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiak "sexu eraso jarraituak" egin zizkion hiru urte eta erdian neska adingabeti bati, hark 31 urte zituela.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 05
Mario Lopez Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeko entrenatzaileak eginiko sexu erasoen aurkako manifestazioa Gernikan, iazko abenduan. Gernikako Sare Feminista

Akusazioak hemezortzi urteko espetxe zigorra eta fiskalak hamalaukoa eskatu bazuten ere, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabetekoa ezarri zion otsailean Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeko Mario López entrenatzaileari. Bada, zigor hori berretsi du orain EAEko Auzitegi Nagusiak. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak frogatutzat eman zuen salaketaren arabera, 1998ko uztailean hasi eta hiru urte eta erdian Lópezek sexu eraso jarraituak egin zizkion 13 urteko neska bati, hark 31 urte zituela. 

Otsaileko epailak ebatzi zuenez, 1998 eta 2001 artean neska adingabearekin 50 bat aldiz egon zen Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeko entrenatzaile ohia, eta harekin izan zituen "jokabide sexualak" geroz eta gogorragoak izan ziren denbora aurrera joan ahala: esaterako, saskibaloi bat partida bat ikusteko asmoz, bere etxera eman zuen neska Lópezek, eta bertan sexu erasoak egin zizkion. 

Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren sententziari, ordea, helegitea aurkeztu zion entrenatzaile ohiak, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela argudiatuta. Saskibaloi entrenatzailearen abokatuaren arabera, defentsa prestatzeko "zailtasun handiak" izan zituzten, auziaren lekukoak "etengabe mehatxatuta" baitzeuden. Adierazi zuen ere neskaren lekukotza "nabarmen" aldatu zela 2022ko ekainean salaketa jarri zuenetik. 

EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu Lópezen argudioak

Lopezek aurkeztutako helegitearen harira, EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin ditu Gernikako emakumezkoen saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren argudioak, eta balioan jarri du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak neska artatu zuen psikologoaren txostenei emandako garrantzia: "Adin goiztiarretan abusuak jasaten dituztenek gertakarien ostean kontzientzia hartzeko eta zama hori arintzeko prozesua logikoa eta koherentea da". Errugabetasun printzipoari dagokionez, EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uste zuela neskak aurkeztutako frogak "nahikoak" zirela, eta, beraz, Lopez erruduna zela.