Hainbat sindikatu eta eragilek Maiatzaren Lehenean "balkoi eta leihoetara" ateratzeko deia egin dute Ipar Euskal Herrian. Euren komunikatuan aldarrikapen ugari bateratu, nola sozialak, lan arlokoak edo ingurumenari dagozkinak: "Ez diezaiegun erabakiak gure ordez har ditzaten utzi".
Joan den urten 6.000 lagun inguru bildu ziren Baionako karriketan Maiatzaren Lehenean, aspaldian ikusi gabeko manifestaldi handienetako batean. Aurten baina, koronabirusaren krisiak sorturiko egoeraren ondorioz ezin izango dira karrika horiek bete. Aitzitik, sindikatu eta eragile sozialen asmoa ez da isilik geratzea, eta etxeetako leiho eta balkoiak dira oraingoan betetzera deituak: "Konfinatuak egon arren, mobilizatzen jarraituko dugu", azaldu dute.
CGT eta LAB sindikatuek, Aitzina gazte mugimenduak, Bizi mugimendu altermundialistak eta EBA kolektibo feministak, M-1erako deialdi bateratua egin dute. Hainbat borroka eta aldarrikapen jarri dituzte alboz albo, balkoirik balkoi: migratzaileen eskubideak defendatzeko –"birusak mugarik ez duelako"–, klimaren alde edo "erretreta eskubidea erasotzeko asmoen" kontra, besteak beste.
Mezu, banderola, kolore eta sinboloz bete nahi dituzte eraikinak, Bella Ciao ereserki ezaguna ikur hartuko dute horretarako, eta #M1etxetik traola erabiliz argazkiak eta bideoak sarean zabaltzeko edo eurei bidaltzeko ere eskatu dute.