Elkar-ekin kolektiboak elkarretaratzea antolatu du astearterako, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean. 20 urteko gaztea uztailaren 30ean suizidatu zen lantegian.
Mobilizazioa arratsaldeko 18:30etan egingo dute Azpeitiko plaza nagusian. Elkar-ekin taldeak gutun baten bidez Sorianoren heriotza salatu zuenetik, gertatuak oihartzun handia hartu du, eta hainbat antolakunde eta eragilek elkarretaratzearekin bat egin dute.
Besteak beste, sindikatuen artean, ESK, LAB eta ELA sindikatuek agertu diote atxikimendua mobilizazioari. LAB sindikatuak lanean hildako langileen zerrendan sartu du Soriano. Deialdira batu dira Sortu eta EH Bildu alderdiak, Azpeitiko Ernai edo Urola Erdiko Kontseilu Sozalista ere. Azpeitiko alkate Nagore Alkortak elkartasuna helarazi die Sorianoren sendiari eta gertukoei sare sozialen bitartez, eta adierazi du udala “babesa eta beharrezko asistentzia” eskaini diela “gertaeren unetik”.
Ertzaintzaren ikerketa
Uztarria.eus webguneak jakinarazi duenez, Ertzaintzarekin harremanetan jarri da eta Poliziak adierazi dio “gertatua argitzeko ikerketa zabalik dagoela”. Komunikabidea Sorianok lan egiten zuen Azpeitiko Manuel Aizpuru S.M enpresarekin hitz egiten saiatu da ere, baina ez du lortu.