argia.eus
INPRIMATU
Lointekek sexu-abusuen kasuaren berri zuela ukatzen du, Sare Feministak adierazi duen arren uztailean jakinarazi ziola
  • Klubak Mario Lopezen aurkako epaiketan parte hartuko duela iragarri du. “Gauzak modurik onenean” egin ez dituztela dioten arren, adierazi dute ez dutela ezer “estali”. Mugimendu feministako kideek azpimarratu dute uztailaren 3an jakinarazi ziotela kasua kirol-taldeari.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 20a
Gernika KESBeko entrenatzaile Mario Lopez. // Argazkia: Gernika KESB

Aurrera jarraitzen du Lointek Gernikako Mario Lopez entrenatzailearen kasuak. Lopezi egotzi diote entrenatzaile zela jokalari nerabe bati sexu-abusuak egin izana, eta Gernika-Lumoko Sare Feministak seinalatu du klubak kasuan izandako erantzukizuna. Mugimenduak kirol-taldearen “konplizitatea” salatu du, eta azpimarratu dute kluba udatik jakinaren gainean zegoen arren, ez duela neurririk hartu iragan astean dena argitara atera den arte.

Klubak kasuaren berri zuela ukatzen jarraitzen du, eta iragarri du akusazio partikular gisa parte hartuko duela Mario Lopezen epaiketan. Horrez gain, jakinarazi du biktimari babesa adierazteko ekitaldi bat eta prentsaurreko bat egingo dutela.

Kirol-taldearen bertsioa ezeztatu du Sare Feministak: “Asko harritu gaitu klubak komunikatu bat argitaratu izanak gertakarien berri ez zutela esanez. Esan nahi duzue ez zinetela gurekin bildu? Ez du zentzurik, gezurra da eta jakingo da”.

Zurrunbilo honen erdian, klubeko jokalari estatubatuar Angie Bjorklundek Instagramen adierazi du kasuaren berri izan zuelako utzi zuela taldea urrian.

Bi bertsio kontrajarri

Sare Feministak Eldiario.es hedabideari adierazi dio ekainaren 28an jaso zuela kasuaren inguruko informazioa, eta klubarekin bildu zela: “Uztailaren 3an bildu ginen Amaia Lezamiz presidenteordearekin, eta geneukan informazioa eta bi eskaera helarazi genizkion: lehenengoa, Lopez une hartan lanean ari zen haurren campusetik kanpo uztea, eta bigarrena, entrenatzaile izateari uztea”. Klubak, ordea, ez zuen Lopez kaleratu: “Esan ziguten bai Batzordearen eta sponsorren partetik bai jokalarien partetik entrenatzaile gisa mantentzeko adostasuna zegoela, eta horixe bera egingo zutela”.

Mugimenduko kideek saiakerak egin zituzten jokalariekin hitz egiteko, eta kluba haiekin harremanetan ipini zen. “Esaten ziguten 'pozik egongo zarete, ez da entrenatzaile izango', eta une horretan poztu ginen, baina dena desagertu zen kirol kudeaketaren arduradun izatera pasatuko zela jakitean. Botere-kargu batetik bestera pasatu zuten”.

Lointekek hori ezeztatzen jarraitzen du: “Egoeraren larritasunaz jabetzen gara, gaizki egin genuela onartzen dugu eta barkamena eskatzen dugu, hau ezin izan dugulako behar bezala kudeatu”, adierazi du klubeko presidente Gerardo Candinak. Zuzendaritzako kide Gorka Etxebarriak azpimarratu du ez dutela gertatutakoa estali, “gauzak modurik onenean” egin ez dituzten arren. Klubak berresten du ez duela salaketa horren berri, eta Lopezek helarazi ziena jazarpen-salaketa bat zela, ez sexu abusuak egiteagatiko salaketa.

Asteazkenean, partida Gernikan

Saskibaloi taldeak asteazkenean 20:00etan jokatuko du Maloste Polikiroldegian Kangoeroes talde belgikarraren aurkako partida. Taldearen lehen partida izango da Euskal Herrian iskanbilaren ostean.