argia.eus
INPRIMATU
Lisabök disko berria argitaratuko du zazpi urteren ondoren
  • Eta edertasuanaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) diskoarekin itzuliko da Lisabö: larunbat honetan aurkeztuko du Irungo taldeak lan berria.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko azaroaren 30
Lisabören lan berria Durangoko Azokan salgai izango da (argazkia: Galder Izagirre / @diapositivisme_studio).

Durangoko Azoka iristeko atzera-kontaketa betean, urte bukaerako nobedade guztien berri emana zegoela uste genuenean, ezustean iritsi da notizia Bidehuts zigilutik: abangoardiako euskal rockaren erreferente nagusietakoa den Lisabö taldea bueltan da.

2011tik isilik egon dira irundarrak eta formazioa aldatuta itzuliko dira: Animalia lotsatuen putzua diskoan aritu ziren Joseba Ponce eta Ivan Zabalegik taldea utzi dute eta diskoa grabatzeko Aida Torres aritu da baterian –taldearen hastapenetan Lisabök zeuzkan bi bateria jotzaileetako bat izan zen eta geroztik Jupiter Jon taldean aritu da besteak beste–. Zuzenekoetarako, proiektura batu dira Borja Toval (Sacco taldeko kidea) eta Sergio Gonzalez (Izaera, Sorkun). Maite Arroitajauregi Mursegok ere parte hartu du lan berrian, celloarekin.

Bidehutsek ostiral honetan eman du albistea, webgunean argitaratutako mezu labur baten bidez. Notizia emateko argitaratu duten irudian Martxel Mariskal ere agertzen da, Beti Mugan taldeko kide ohia eta aspaldidanik Lisabören letragilea –pentsatzekoa da, hortaz, lan honetako hitzek ere haren sinadura izango dutela–.

Taldeak oraindik ez du zehaztu aurkezpen-kontzertuak noiz izango diren, bai ordea argitalpen-datak: larunbat honetan 12:00etatik aurrera Rockdelux aldizkariaren webgunean entzun ahal izango da lana eta abenduaren 5etik 9ra Durangoko Azokan salgai egongo da CD eta LP formatuetan. Abenduaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango da ohiko bideetatik.