argia.eus
INPRIMATU
Lehen ezetzaren ostean, bake akordio berria sinatu dute FARCek eta Kolonbiako Gobernuak
  • Bake akordio berria sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP gerrillak azaroaren 12an La Habanan. Erreferendumean ezezkoaren alde egin zuten herritarren proposamenak entzun eta hainbat aldaketa egin dituzte, komunikatu bateratuan azaldu dutenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 14a
Humberto De la Calle eta Ivan Marquez, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen delegazio buruak.

Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosen esanetan zuzenketak egin behar izan dizkiote lehen itunari, baina haren oinarriak aldatu gabe. Urriaren 2an ezezkoaren alde egin zuten herritarren ehuneko handi bat baiezkora gerturatu nahi dute bi aldeek.

Humberto De la Calle gobernuko delegazioko buruak ezezkoaren aldekoek emaniko proposamenak aztertzeko ehun ordu inguruko lana egin behar izan dutela azaldu zuen. 500 proposamen baino gehiago landu zituzten akordioa berria osatzeko, 57 azpiataletan banatuak. Horietatik 56tan lortu zuten akordio batera iristea. FARCen esanetan, ezezkoaren aldekoen eskakizunen %65a bete dute, “hasieran jarririko marrak igaroaz”.

FARCeko delegazioko buru Ivan Marquezek “lan zail baina emankor” gisa definitu du negoziaketa. “Ezetzak bost urteko lana arriskuan jarri ostean, milioika herritarren zorionez, bakeak bere bidea jarraitzen du”, adierazi du. Gobernuak ELNrekin abiatu duen akordioak ere bide bera jarraitzea espero du FARCeko kideak.

Bi delegazioek Cubari eskerrak eman nahi izan dizkiote “eginiko lan diplomatiko bikainagatik”, Venezuela, Txile eta Norvegiaren elkartasuna ere eskertu dute.

Aldaketak baietza lortzeko

Trantsiziozko justiziaren inguruan egin dira aldaketa nabarmenenak, Kolonbiako hainbat egunkarik jakinarazi dutenez. Gatazkaren ondorioz eginiko krimenengatik kondenaturiko militarrentzat lege bereziak sortuko dira. Bestalde, landa erreforman, drogen aurkako politika berrian, biktimen erreparazioan eta gatazkaren amaiera egiaztatzean ere aldaketak egin dira.

Oraindik ez dago garbi nola irtengo den aurrera akordio berri hau. Kolonbiako presidenteak hiru bide aipatu zituen: beste erreferendum bat, kongresuaren eta udalen esku uztea erabakia edo galdeketarik egin gabe jarraitzea. Beti ere, ahalik eta azkarren egin beharrekoa dela azpimarratuz zuen, 2018ko hauteskundeetako kanpaina hasi aurretik.