Dimisioa aurkeztu zuen astelehenean Sébastien Lecornuk, gobernu berria osatu eta hamalau ordutara. Frantziako krisi politikoari aterabide bat atzemateko 48 orduko ultimatuma emana zion Emmanuel Macron lehendakariak. Epea bukaturik, egoerak blokeatuta segitzen du, eta Macronen esku utzi ditu ondoko negoziaketak.
Frantziako Gobernuko krisi politikoari aterabide bat aurkitzeko 48 orduko ultimatuma emana zion Emmanuel Macronek Lehen ministro kargua astelehenean utzi zuen Sébastien Lecornuri. Epea bukaturik, asteazken gauean eman du azken negoziaketek utzitakoaren berri, France 2 telebista kate publikoari eskainitako elkarrizketan. Gobernu berriaren osaketari buruzko argibideak espero ziren, baina ez du notizia handirik plazaratu. Iazko udan iragandako Legebiltzarreko hauteskundeetako ezkerraren garaipena behingoan aitortu eta ezkerreko Lehen ministro bat izendatzea espero zuten hainbatek. Geroz eta ordezkari politiko gehiagok mahai gainean jartzen duten Macronen dimisioaren jakinarazpena ere bazen azken orduetako zurrumurruen artean. Baina ez, ez bata ez bestea. Legebiltzarraren desegitea eta bozketa berrietara deitzeko aukera ere baztertu du.
Zehaztasunik gabeko erantzun lausoak izan ditu Lecornuk, eta horrela jakitera eman du, demagun, "balitekeela" Lehen ministroaren izendapena aste bukaera aitzin etortzea: "Uste dut bide bat irekita egon daitekeela oraindik. (...) Uste dut egoerak egingarri bihurtzen duela 48 ordu barne Lehen ministro baten izendatzeko aukera". Elkarrizketa bukatu bezain laster baieztatu du informazioa Eliseoak: ondok bi egunetan jakinen da Lehen ministro berriaren aurpegia.
Plazaratutakoari segi, Macronek bideratuko ditu izendapenera arteko negoziaketak. Gobernu berriari buruzko adostasuna lortzeari buruz "baikor" agertu da Lecornu: "[577 diputatuetatik] 210k egonkortasuna nahi dute, eta aurrekontuari begira ere gutxi gorabehera gauza bera nahi dute". Hori horrela, uste du "disoluzio perspektibak urrunduz doazela".
Legebiltzarrean gehiengo argirik gabe aitzina egin beharrean dabil Emmanuel Macron. Hori horrela, krisi politikoa are gehiago korapilatu egin zaio, iazko Legebiltzarreko hauteskundeez geroztik, dimisioz dimisio, gobernuak erortzen zaizkiolako bata bestearen ondotik. Horregatik ari da zentsurarik ez aurkezteko bermeak negoziatzen ezkerrarekin zein eskuin muturrarekin.
Erretreten erreforma atzera botatzea da hastapenetik ezkerraren baldintzetariko bat. Horri dagokionez, irekidura batzuk adierazi ditu Lacornuk: erreforma horri dagokionez, "bozketarik egon ez zelako ideia finkatu zen. (...) Frantsesek uste dute eztabaida ez dela normal joan. Blokeo iturri bat da parlamentuan. Ikusten dut bidea bilatu beharko dela eztabaida pentsioen erreformaren inguruan egin dadin", ziurtatu du. Gobernuaren postura aldaketa eztabaida irekitzeari mugatu du, ordea, zehaztuz erreformaren izozteari edo ezeztatzeari buruzko erabakia datorren gobernuaren esku gelditzen dela.
Frantziako politikako historian geldituko da Lecornuren Lehen ministro kargualdia; ez harturiko erabaki eta neurri politikoengatik, baizik eta bere izaeragatik: François Bayrouk dimititurik izendatu zuten Lehen ministro irailaren 10ean; orduz geroztik 26 egun eman zituen bere gobernua hautatzeko –bestela erranda, 26 egunez gobernurik gabe egon da Frantziako Estatua– eta osatu bezain laster aurkeztu du bere dimisioa, finean, hamalau orduz bakarrik iraunaraziz bere gobernua. Dimisioa onartu zion astelehenean Macronek, baina 48 orduz "azken aukerako negoziaketak" bideratzea galdetuz.