argia.eus
INPRIMATU
Kazetari bat hil dute lau egunetik behin munduan 2022an
  • 2022an 86 kazetari hil dituzte munduan. Azken urteetan egoerak hobera egin badu ere, 2022an berriz ere gorantz egin du hildako kazetarien kopuruak. Unescok kazetariak babesteko neurriak eskatu dizkie nazioarteko agintariei, eta zigorgabetasunarekin amaitzeko. Hilketa kasuen %86an ez zuten erantzulerik zigortu.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 17a
Iaz lau egunero kazetari bat hil zuten. / Argazkia: Nieman Lab

2022an aurreko urtean baino %50 gehiago izan dira hildako kazetariak eta komunikazio arloko langileak. Datuek okerrera egin dute gehienbat bakean dauden herrialdeetan. Unescoren hildako kazetarien behatokiak eman ditu datuok astelehenean, eta nazioarteari exijitu dio kazetariak babesteko neurriak hartu ditzala eta hiltzaileak epaitu ditzala. Zigorgabetasuna %86koa da.

Gerran dauden herrialdeetan ere hildako kazetarien kopurua igo bada ere, ofizialki bake egoera duten herrialdeetan ia bikoiztu egin da iazko datua: 2021ean 35 izan ziren, eta 2022an 61. Abenduan Mugarik Gabeko Kazetariek jakinarazi zuten inoiz baino kazetari gehiago atxilotu dituztela iaz, halaber: 533.

Latinoamerikan eta Karibe Uharteetan eman dira hilketen erdia baino gehiago: 44. Herrialdeei dagokionez, gehienak Mexikon (19), Ukrainian (10) eta Haitin (9) izan dira.

Kazetariak hiltzeko arrazoi gisa identifikatu dituzte haien jardunean jorratzen dituzten gaiak: besteak beste, gaizkile taldeak, ustelkeria eta botere gehiegikeria kasuak, krisi ekologikoa edota protesta sozialak.

Hildakoen erdiak, lanorduetatik kanpo

Unescok nabarmendu du kazetarien erdiak lanorduetatik kanpo zeudela hil dituztela. Azken urteetan igo egin dira kasuok, eta behatokiak larritzat jo du, kazetariak arriskua uneoro sufritzen dutela azalduz.

Hilketak axolagabetasun politikoaren isla direla kritikatu du Unescok, eta neurriak exijitu ditu. Gainera, adierazpen askatasuna mugatzeko estatuen erabakiek kazetariak egoera arriskutsuagoan jartzen dituztela salatu dute; besteak beste, "albiste faltsuen" aurkako legeak eta haien militarizazioak.