Egoerak bere horretan segituz gero, Euskal Hirigune Elkargoak ez du izenpetuko EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzeko hitzarmen berria. Orain artekoa urte hondarrean bukatuko denez, baliteke 2026an ofizialtasunik gabe izateaz gain, hizkuntza politika bideratzeko egitura publikorik gabe izatea euskara. Hemen zifren dantza labur bat, larritasunaz ohartarazteko: euskal hiztunak %20,1 dira Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan –Iparraldeko biztanleriaren %37 biltzen dituen Baiona-Miarritze-Angelu hirigunean %8,4 dira–. Eta erabilerari dagokionez: %21,5ak du euskara erabiltzen –frantsesa bezainbat edo gehiago, haatik, soilik %7,1ak–, eta Baiona-Miarritze-Angelun, berriz, %9,6 dira –frantsesa bezainbeste edo gehiago, %1,9k–.
2023ko udan, hizkuntza politikarako beharrak zehazterakoan, partaide bakoitzak (Elkargoak, Departamenduak, Eskualdeak eta Frantziako Gobernuak) 650.000 euro gehiago eman beharko lituzkeela ebatzi zuten –adostasunik ez zenez, 300.000 eurora jaitsi zuten–. Jakin behar da 2017az geroztik ez dutela xentimo bakar batez ere emendatu. Duela hiru aste Parisek jakitera eman zuen 100.000 euro gehiago besterik ez dituela gehituko. Euskal Elkargoak biharamunean erantzun zion baldintza horietan uko eginen liokeela hitzarmenari. Egoeraren larritasuna ikusita, are mingarriagoak dira Departamenduko lehendakari Jean-Jacques Lasserrek euskalgintzakoei egindako adierazpenak: euskararen “instrumentalizazioa” egiteaz gain, “Euskal Herriko bakearen suntsitzaile” gisa sailkatu ditu. Euskarari trufarik ez lelopean, Departamendutik Gobernuari presioa egiten aritu izana salatu zutelako uztailaren 7an. Baina, nork ez du oraindik ezagutzen Lasserre? Hemerotekara jo eta ezin uka Euskal Herriaren eta euskararen aitortzaren bidean beti izan dela oztopo nagusietariko bat bidaxundarra, frontalki aurka eginda, aldeko mugimendutik urrunduta edota statu-quo-a bermatzeko isileko lana eginda. Ipar Euskal Herrian euskararen kontrako diskurtsoa “politikoki ez zuzena” bihurtu zaigun arren (diskurtsoa eta ekintza bi dira... ados gara, hori beste aldi baterako), bakar batzuk segitzen dute beraienean eta Lasserre horietarikoa izateak guti gaitu harritzen.
Deiadarra jo du euskalgintzak. Baina nora arte heldu zaigu oihartzuna? Zenbat jende batuko ginateke egoera salatzeko manifestazioa eginen balitz Baionan? Herri gisa, zazpiak bat eginda beteko genituzke karrikak? Krisi potolo hori desblokeatzen laguntzeko lanean badabiltza Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika arlokoak? Nafarroakoak? TindEHEr gisakorik ba al dago hiru instituzioen artean? Lasserre ez da aldatzen, Paris ez da aldatzen... eta Ipar Euskal Herriak ere berdin segitu beharko du: herri-presioan.