argia.eus
INPRIMATU
"Lasa eta Zabala" eta "Amama" filmei emandako diru laguntzen txostenak eskatu ditu Urquijok
  • Hogei eguneko epean Amama eta Lasa eta Zabala filmeei emandako diru laguntzen txostenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aldundiak 100.000 euroko laguntza eman zien bi pelikula horiei hedapen eta ekoizpen gastuetarako.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 27a

Ordezkariaren “etengabeko jazarpena” salatu dute Foru Aldunditik, “euskararen inguruko gaietan” bereziki. Horren aurrean, “Gipuzkoa euskaldunago bat lortzeko beharrezko neurriak” hartzen jarraituko duela adierazi dute Gipuzkoatik.

Larunbatean hizkuntza politikak bakean utz ditzatela eskatzeko manifestazioa

Kontseiluak eta UEMAk otsailaren 28rako manifestazioa deitu dute Donostian. “Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara!” lelopean, Espainiako eta Frantziako Estatuek Euskal Herriko hizkuntza politiketan esku hartzeari utz diezaioten eskatuko dute. Mobilizazioa Gipuzkoa plazatik abiatuko da 17:30ean.