Iñigo Urkullu lehendakari izendatu ostean, larunbatean hartuko du kargua formalki Gernikan. EITBk aurreratu du nor izango diren Urkulluren exekutiboko zortzi sailburuak: Josu Erkoreka izango da EAEko gobernu berriaren bozeramailea eta bera izango da Administrazio Publikoko eta Justiziako sailburu berria.
Arantza Tapia arduratuko da Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailaz. Juan Mari Aburtok Enplegu eta Politika Sozialen saila gidatuko du. Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburu izango da. Cristina Uriartek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu kargua izango du. Estefania Beltran de Herediak berriz, Segurtasun saila eramango du; Jon Darponek Osasuna eta Ana Isabel Oregik Ingurumen eta Lurralde Politika.
Behin sailburuak iragarrita, datorren astelehenean egingo dute kargu berrien zina eta datorren asteartean batzartuko da lehenbiziko aldiz Jaurlaritza berria.