argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean Barbado eta Zelaiaren askatasuna eskatzeko manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen
  • Azken asteetan Euskal Herriko txoko ezberdinetan egin dituzte gazteen atxilotze agindua salatzeko ekintzak. 2019an atxilotu zituen Ertzaintzak gazte arabarrak. Sei hilabete igaro zituzten espetxean, baldintzapean aske utzi zituzten arte. Prozesu judiziala lau urtean luzatu da.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 28a
Ekainean, Barbado eta Zelaiaren aurkako epaia jakin ostean, Amurrion elkartu ziren 1.300 lagun inguru. (Argazkia: ANkerkeriariStop)

Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren askatasuna eskatuko dute larunbatean Gasteizen, ANkerkeriariStop plataformak deitutako manifestazio nazionalean. 18:30ean abiatuko da, Artium museoaren paretik. Manifestazioaren bezperatan, ostegunean, Gasteizen bi pertsona atxiki ditu Ertzaintzak, mobilizaziorako propaganda jartzen ari zirela, Hala Bedik jaso duenez.

Atxilotze agindua salatzeko, irailaren 18tik 29ra mobilizazioak egiteko deia zabaldu zuen plataformak, eta Euskal Herriko hainbat tokitan egin dituzte ekintzak. Esate baterako, aurreko ostiralean Ernaiko kideak Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian eta Bilboko Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan kateatu ziren. Egun berean, ANkerkeriariStop-ek deituta Bilbon eta Hernanin manifestazioak egin zituzten. Aste honetan ere egin dituzte elkartasun keinuak; adibidez, errepide mozketak egin dituzte Durangaldean eta Ondarroan.

Lau urteko prozesu judiziala

2019an atxilotu zituen Ertzaintzak gazte arabarrak, "material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzita. Sei hilabetean egon ziren preso, behin-behineko espetxealdian. Baldintzapean aske utzi zituzten 2019ko uztailean, epaiketaren zain.

Epaiketa 2021eko urtarrilean izan zen, eta epaileak lau urteko espetxe-zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa eskatu zituen Barbado eta Zelaiarentzat. Bi urteren ondoren, errekurtsoak epailearen eskutik igaro ostean, 2023ko apirilean eman zuten behin-behineko epaia, lau urteko espetxe-zigor eskaera berretsita. Gazteek irailean jaso dute espetxeratze-agindua.

Maddalen Muguruza plataformako kidea elkarrizketatu dute aste honetan Naiz irratian. Bertan adierazi du prozesua hainbeste luzatzea "estrategia baten baitan" dagoela, hain zuzen, "Aitor eta Galderren bizitzak ahalik eta denbora luzeenez baldintzatuta izatea bilatzen duena".